"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Itxaro Bordak, Miren Arzalluzek eta Joserra Senperenak osatzen dute Euskal Zinemaren Irizar Sariaren irabazlea erabakiko duen epaimahaia. Borda presidente dutela, hirurek hautatuko dute Donostia Zinemaldiko edozein sailetan mundu osorako estreinatutako euskal ekoizpenik onena. Estreinakoz dabiltza eginkizun honetan eta ados daude “oso esperientzia interesgarria eta ederra” izaten ari dela esaten.
Joserra Senperena egona zen lehen ere Zinemaldian, hainbat filmekin, baina, orokorrean, epaimahaiko 3 kideak estrainakoz ari dira bizitzen Donostia Zinemaldia barrutik. “Konturatzen zara zein dimentsio duen, zenbat jende mugitzen duen, sektorearen garrantziaz”, diote. Itxaro Bordak ironiaz dio alfonbra gorria zapaltzen duen lehen aldia dela: “Idazleontzat ez da horrelakorik jartzen”.
Kulturaren hiru arlo desberdinetatik datoz epaimahaikideak. Itxaro Borda idazlea da, Etxepare Euskal Institutuaren zuzendaria da Miren Arzalluz, eta piano-jotzaile eta musikagilea dugu Joserra Senperena. Elkarren berri bazuten ere, ez zuten elkar ezagutzen. 65. Donostia Zinemaldia izan da euren topalekua. Ondo kopontzen ari direla eta gustura dabiltzala dio presidenteak. “Epaimahairako kiderik egokienak dira; bestedisziplinatik datorrenak beti izango du beste ikuspegi bat, baina onerako da, gauzak erraztu egiten ditu”, esan du Bordak bere kideei buruz. “Miren eta ni historiagileak gara, eta Joserra, musikaria; beraz, baditugu oinarri sendoak epaitzeko”, dio ziurtasunez.
ZINEMAGINTZA ANITZA
Sarirako lehian ari diren zazpi filmak banan-banan eta denborarekin ikusten ari dira. Bukatu orduko hasten omen dira eurenartean hitz egiten eta iritziak trukatzen. “Momentuz ez dugu talkarik izan, nahiko ados gaude”, adierazi du Miren Arzalluz historialariak. Joserra Senperenaren esanetan, “aurretik ezer jakin gabe, kritikarik irakurri gabe, filmak ikustea oso interesgarria da, eta, gainera, euskal zinemaren panoramaren berri izateko aukera ematen dizu”.
Aurtengo Irizar sarirako autagaien artean dagoen aniztasuna azpimarratzekoa dela iritzi dio epaimahaiak. “Superprodukzioa, dokumenala, fikzioa, animazioa… denetarik bada”, dio Bordak, “oso izaera ezberdineko filmak dira eta, dudarik gabe, oso interesgarria da hori, nahiz eta gure lana zailago egiten duen”. Lehendabiziko aldiz Euskal Herriko hiru hizkuntzak ordezkatuta egoteak ere eman die hausnarketarako beta: “Frantsesa sartzen bada… azkenean! EuskalHerri honetan ez da hizkuntza bakar bat, 3 hizkuntza badira”, dio Lapurdiko idazleak, “euskara ororen gainetik, bistan da, baina beste biak hor badira eta egokia da ere erakustea Frantziaren helgoaldeko ekoizpen horiek ere sartu ahal direla Euskal Herriaren multzo horretan”, esan du epaimahaiaren presidenteak. “Biba euskal zinema!”, dio gogo biziz.
Euskaraz eta Sail Ofizialean aurkeztu den film batek besteak baino itzal luzeagoa duela badakite hirurek. “Ikusmin handiena piztu duen filma Handia da”, dio Miren Arzalluzek. “Sentitzen dugu espektazio hori, komunikabideetan dagoelako eta, nahizeta ez informatzen saiatu, edozeinek hitz egiten dizulako filmaz; horrek zailago egiten du neutral mantentzea, baina horretan gaude”.
IRENE ELORZA