"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
João Pedro Rodrigues Biologia ikasten hasi zen, ornitologo bihurtzeko asmoz, baina laster bazter utzi zituen ikasketok zinema ikasteari ekiteko, eta Lisboako Zinema Eskolan graduatu zen. Bere lanetan giza desioa arakatzen du, desio horren adierazpide guztietan, eta zinemaren askotariko historia islatuz, hasi genero klasikoetatik eta dokumentaleraino edo zinema esperimentaleraino.
Bost film zuzendu ditu: O fantasma (2000), Odete (2005), Morrer como um homem (To Die Like a Man, 2009), A última vez que vi Macau (The Last Time I Saw Macao, 2012) -João Rui Guerra da Mata-rekin batera zuzendua- eta O ornitólogo (L’ornithologue, 2016). Film laburrak ere zuzendu ditu, haietako batzuk -bere “asiar filmak” deitu izan dituen horiek- Guerra da Matarekin batera.
Rodriguesen filmak munduko zinema-jaialdi inportanteenetan estreinatu dituzte, baita saritu ere, adibidez, Cannesen, Venezian, Locarnon eta Berlinen. 2014-2015 ikasturtean Radcliffe beka bat eman zioten Harvardeko unibertsitatean. 2015-2016an Le Fresnoy Arte Garaikideen Ikastegi Nazionalera itzuli zen, artista gonbidatu gisa.
Azken aldi honetan, museo eta arte-galerietarako obrak sortu ditu. Lehen erakusketa “Santo Antonio” izan zen, Guerra da Matarekin batera, Hego Koreako Mimesis Art Museum-erako (2013/11/26 - 2014/02/09). Rodriguesen eta Guerra da Mataren azken erakusketa “Do Río das Pérolas ao Ave” (2016/07/02 -2016/09/25) da, Solar Arte Zinematografikoko Galerian, Vila do Conden, Portugalen. 2016ko azaroaren 25etik 2017ko urtarrilaren 2ra bitartean, Pariseko Pompidou zentroak Rodriguesen eta João Rui Guerra da Mataren baterako
atzera begirako bat eskainiko du.
Rodriguesen azken filma, O ornitólogo (L’ornithologue) San Antonioren bizitzaren berrikusketa oso pertsonal bat da, Portugaleko eskualderik urrutienetan eta herri mitologian zehar eginiko bidaia baten bitartez egina. Filma 64. Donostia Zinemaldiko Zabaltegi-Tabakalera sailean programatuta dago.