"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Virginia García del Pino Espainiako egilezinema berriaren kideetako bat da eta bere irakasle-zereginekin bateratzen du zuzendarilana, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Dokumental Masterrean.
Arte Ederretako lizentziaduna da, eta bideoartista gisa egin dituen ekoizpenek zinema dokumentalera hurbildu dute. Bere lanek ibilbide luzea egin dute nazioartean, hala zinema-jaialdietan nola arte garaikideko museoetan. 2004an egin zuen zuzendaridebuta, Sí señora film ertainarekin. 2008an hainbat sari jaso zituen Lo que tú dices que soy filmari esker, eta Europako museo nagusiak ibili ditu lan horrekin. Haren lehen lan luzea, El Jurado (2012), Marseillako, Valdiviako eta Punto de Vista zinema-jaialdietako sail ofizialetan izan zen, besteren artean, eta MNCARS, IVAM eta MUSAC museoetan jarri zuten erakusgai. 2013an, Márgenes eta L’Alternativa zinemajaialdiek haren obrari buruzko atzera begirakoak antolatu zituzten, eta 2014an Cineuropa zinema-jaialdiak haren lana nabarmendu zuen. Mar de Plata, Sevilla, In-Edit eta l’Alternativa zinema-jaialdietako epaimahaikide izan da, orobat. Egin duen azken filma, La 10ª carta (2014), Donostia Zinemaldian estreinatua, Basilio Martín Patino zinemagile ospetsuaren erretratu bat da. ICAA eta Canal+ekin batera egina, José María Forqué sarietarako izendatu zuten; egin duen bidean, bai Espainiako filmotekak bai nazioarteko zinema-jaialdiak igaro ditu.