"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Federico Veiroj (Montevideo, 1976) uruguaitar-espainiar gidoilari, produktore eta zuzendari bat da. 1996tik lanean dihardu, film laburrak eta luzeak idazten, ekoizten eta zuzentzen. Veirojek ekoitzi eta zuzendutako lehen film luzea, Acné (2008), Canneseko Errealizadoreen Hamabostaldian estreinatu zen, eta sari ugari jaso ditu. Ekoitzi eta zuzendu duen bigarren lana, La vida útil (2010), Torontoko zinema-jaialdian eta Donostia Zinemaldian aurkeztu zen, eta hainbat aldiz saritu dute mundu osoko jaialdietan. El apóstata (2015), Madrilen filmatua, hirugarren film luzea du zuzendari eta produktore gisa; Torontoko zinema-jaialdian estreinatu zen 2015eko irailean, eta FIPRESCI saria eta Epaimahairen Aipamen Berezi bat lortu zituen 2015eko Zinemaldian.
2015ean, Viennalek atzera begirako batean bildu zituen Veirojen film laburrak eta hiru film luzeak. Eta 2016ko maiatzean, Harvard Film Archivek ziklo bat antolatu du haren filmak erakusteko.