"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Kazetaritza eta publizitatea ikasi zuen EHUn, eta zinema Saroben eta San Diegon (AEB). 2001ean, Moriarti ekoiztetxea sortu zuen, eta bertan dihardu lanean, zuzendari, produktore eta/edo gidoilari. Haren film laburrak ehunetik gora lehiaketatan saritu dira, eta telebistarako haren dokumentalak hamabost herrialdetan ikusi dira.
2010ean 80 egunean film luzea zuzendu zuen Jose Mari Goenagarekin batera. Filmak A kategoriako lau jaialditan parte hartu zuen, besteak beste, Karlovy Varyn eta Donostia Zinemaldian, eta hogeita hamar saritik gora irabazi ditu bere ibilbidean. Haren hurrengo filma, Loreak (Goenagarekin batera zuzendua hau ere) Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinatu zen, 2014an. Filmak ibilbide arrakastatsua izan du, hainbat jaialditan aurkeztu da eta hogei bat sari irabazi ditu. Goya sarietarako ere izendatu zuten, 2014an, film onenaren kategorian, eta 2015eko Oscar sarietarako hautagaia izan zen. Berriki, Aundiya filma zuzendu du, Aitor Arregirekin batera; okerrik ezean, 2017an estreinatuko da.
Bi dokumental ere ekoitzi ditu: Lucio (Donostia Zinemaldian estreinatua eta film dokumental onenaren Goya sarirako izendatua 2007an) eta El método Arrieta (Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian estreinatua eta saritua).