"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Nadia Turincev Moskun (SESB) jaio zen, 1970ean, eta Parisen hazi zen. Paris X-Nanterre Unibertsitatean Kultur Antropologia ikasi zuen. Hamabi urterekin Andrei Konchalovsky-rekin zaletu, eta filmak ikusten hasi zen. Hamaseirekin lanean hasi zen, aprendiz gisa, Nikita Mikhalkov-en Oci ciornie / Dark Eyes filmean, Marcello Mastroiannirentzat sandwichak egiten. Ondoren, platoko interprete gisa (errusiera, frantsesa, ingelesa, italiera). Gerora, hainbat lanpostu bete zituen Europako zenbait erakundetan: ACE-European Film Studio, Europa Cinemas, The European Producers Club, EU Media Development Programme. Eta, jarraian, Canneseko Errealizadoreen Hamabostaldiko hautaketa-batzordeko kide eta Moskuko Nazioarteko Zinema Jaialdian zuzendari artistiko aritu zen. Eta orduan, "handitan film-ekoizle izan nahi dut" eta…2007ko uztailean, Julie Gayet-ekin batera, Rouge International ekoiztetxea sortu zuen, lelo honen pean: unibertsaltasuna da zure sukaldeko paretak bertan behera botatzea. Gogor aritzen dira lanean, eta ederki asko pasatzen dute. Orain arte, hamasei film produzitu eta koproduzitu dituzte: 8 fois debout / 8 Times Up (Donostia Zinemaldia, 2009), Xabi Molia-rena; Fix ME (Sundance, 2010), Raed Andoni-rena; Bei mian / The Back (Erroma, 2010), Liu Bingjian-ena; Bonsái (Cannes eta Donostia Zinemaldia, 2011), Cristian Jimenez-ena; A Spell to Ward Off The Darkness (Locarno, 2013), Ben Rivers eta Ben Russell-ena; Des Étoiles (Toronto, 2013), Dyana Gaye-rena; La voz en off / Voice Over (Toronto eta Donostia Zinemaldia, 2014), Cristian Jimenezena; La fille du patron / The Boss’s Daughter (Mons, 2016), Olivier Loustau-rena; La taularde / Jail Bird, (Busan, 2015), Audrey Estrougo-rena; Comoara / The Treasure (Cannes eta Donostia Zinemaldia, 2015), Corneliu Porumboiu-rena; Rodinny film / Family Film (Donostia Zinemaldia, 2015), Olmo Omerzu-rena; Mariupolis (Berlinale, 2016),Mantas Kvedaravicius-ena; Ganesh Yourself (Cinéma du Réel, 2016), Emmanuel Grimaud-ena; The Ride (Tribeca, 2016), Stéphanie Gillard-ena; Mimosas (Cannes, 2016), Oliver Laxe-rena; Raw / Grave (Cannes, 2016), Julia Ducournau-rena.