"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Jia Zhang-ke, Shanxin 1970ean jaioa, txinatar zuzendari, gidoigile eta ekoizle famatua da. Pekineko Zinema Akademian graduatu eta gero, haren lehen film luzeak, Xiao Wu (Pickpocket), arrakasta handia lortu zuen nazioarteko zinematografia-zirkuituan.
Harrezkero, Jia Zhang-ke-ren lan gehienek oso harrera ona izan dute Europako zinema-jaialdirik inportanteenetan. Besteak beste, Urrezko Lehoia irabazi zuen 2006an Venezian Sanxia haoren (Still Life) filmarekin, eta gidoi onenaren saria Cannesen 2013an, Tian zhu ding (A Touch of Sin) filmarekin.
2015ean, Urrezko Karroza eman zioten Canneseko jaialdian. Jiaren obrek Txinako egiazko bizitzaz dihardute; fikzioaren eta dokumentalaren arteko lerroa lausoa izaten da haietan. Era berean, zuzendari gazteen filmak ekoizten ditu eta kameuak egiten ditu beste zinemagile batzuen lanetan.
Honako film hauek egin ditu, besteak beste: Xiao Wu (Pickpocket, 1998), Zhantai (Platform, 2000), Ren Xiao Yao (Unknow Pleasure, 2002), Shijie (The World, 2004), Sanxia haoren (Still Life, 2006), Dong (2006), Wuyon (Useless, 2007), Er shi si cheng (24 city, 2008),Hai shang chuan qi (I wish I knew, 2010), Tian zhu ding (A Touch of Sin, 2013), eta Shan he gu ren (Mountains May Depart, 2015).