"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Gabriel etorkizun handiko fiskal bat da. Bere bizitza kolokan geratuko da poliziaren dei bat jasotzen duenean: Kanariar Irletan sekta baten talde-suizidioa izan da, eta Gabrielen arreba txikia, Cordelia, jarraitzaileetako bat zen. Baina oraindik ez dute haren gorpua aurkitu.
Lucía Etxeberriaren “El contenido del silencio” eleberriaren egokitzapena da Acantilado filma. Protagonisten mamu pertsonalak lehen lerrora ekartzen ditu Helena Tabernak thriller honen bitartez. Altsasuko zuzendariak, sekten jarduera bidegabea agerian uzteko helburuaz gain, atmosfera aztoragarri bat eraiki du, pelikularen argazkiak eta isiltasunak lagunduta, eta fladhback-ak uztartuz.
Noraezean dabiltza pertsonaiak, kulpa sentimenduak ez die lasai bizitzen uzten, baina, korapilo hori askatuta ere, ziurrenik ez lirateke zoriontsu izango. Bistan da ez dela zertan sekta baten sarean erori behar harrapatuta sentitzeko. Gizarteak berak, inertziak, eraman du Gabriel amildegiaren ertzera. Azken finean, Helena Tabernak ispilu baten aurrean jarriko ditu protagonistak, eta, horrekin batera, ikasgai bat helaraziko dio ikusleari: barne gatazkak konpondu behar dira lehenik, ingurukoak laguntzeko gaitasuna izateko.
N.A.