Aktorea lautan izan da Oscar sarietarako hautagai. Irailaren 17an jasoko du bere lan-ibilbide bikaina omentzen duen Donostia Saria; ondoren, haren azken filmaren emanaldia egingo da The Magnificent Seven.
Irailaren 17an, Ethan Hawkek (Austin, Texas, 1970) 64. Zinemaldiko Donostia Saria jasoko du. Haren lan-ibilbide luzearen omenezko ekitaldi batean emango diote saria, The Magnificent Seven filmaren gala-emanaldiaren aurretik.
Hawkeren lan-ibilbideak hiru hamarkada eta lau Oscar hautagaitza hartzen ditu barne. Hari esker, artista benetan polifazetiko gisa nabarmendu da: gidoilari, zuzendari, idazle eta aktore lanetan -antzerki nahiz zineman- desafioak edukitzeari beldur gabea.
2015ean Hawkek bere lehen dokumentala zuzendu zuen: Seymour: An introduction, Seymour Bernstein piano-jotzaile eta -irakasle famatuaren bizitzari buruzko film intimista bat. Boyhood (2014) filma Richard Linklater zuzendariarekin lankidetzan egindako zortzigarren lana izan zen. Antzezpen horregatik, sari hauetan antzeztaldeko gizonezko aktore onenaren kategoriarako izendatu zuten: Oscarrak, Aktoreen Sindikatukoak, Urrezko Globoak, BAFTA, Independent Spirit, Kritika Zinematografikoarenak eta Gotham.
Linklaterrekin batera egindako beste proiektu txalotu batean, Hawke, Julie Delpyrekin batera, protagonista izan zen Before Sunrise film goraipatuan eta haren bi sekueletan: Before Sunset eta Before Midnight. Hirukoteak elkarrekin idatzi zituen Before Sunset eta Before Midnight filmen gidoiak, eta Oscar eta Independent Sarietarako izendapen bana jaso zituzten bi gidoi horiengatik. Hawke, Linklater eta Delpyk Louis XIII Genius Award saria jaso zuten BFCAren Kritika Zinematografikoaren sarietan, “Before” proiektuan egindako lan zinematografikoarengatik.
2002an lehenbizikoz izendatu zuten Hawke antzeztaldeko gizonezko aktore onenaren Oscar sarietarako, sari horixe irabazitako Training Day filmean (Antoine Fuquarena) Denzel Washingtonekin batera egindako lanari esker. Horiez gain, lan hauek ere egin ditu: Dead Poets Society, Good Kill, Reality Bites, Great Expectations, Hamlet, Gattaca, Brooklyn's finest, The Purge eta Before The Devil Knows You're Dead.
Hawkek beti bateratu ditu bere aktore-zereginak idazteko eta istorioak kontatzeko zaletasunarekin. Lau nobela idatzi ditu: The Hottest State (1996), Ash Wednesday (2002), Rules for a Knight (2015) eta Indeh (2016) nobela grafikoa, zeina indarrez sartu zen New York Times egunkariko bestseller-zerrendako lehen postura.
The Magnificent Seven Antoine Fuquarekin egin duen azken lana da. Veneziako zinema-jaialdiari amaiera eman ondoren proiektatuko da Donostian. John Sturgeren 1960ko filmaren remake bat da (Akira Kurosawaren Shichinin no Samura / Seven Samurai lanean oinarritua), eta John Lee Hancock-ek (The Blind Side) eta Nic Pizzolatok (True Detective) idatzi dute gidoia. Hawkek Denzel Washington, Chris Pratt eta Vincent D’Onofriorekin batera antzezten du filmean.
Aurten, kritikak gehien laudatutako eta txalotutako antzezpenetako bat egin du Hawkek: Chet Baker zena hezurmamitu du Robert Budreauren Born to Be Blue filmean. Rolling Stone aldizkariaren arabera, “Ethan Hawke aparteko aktore bihurtzen duen guztia biltzen du antzezpen horrek: energia, enpatia, beldurrik eza eta pertsonaia baten bihur guztiak miatzeko grina handikeriarik gabea”. Bestalde, Variety aldizkariak Hawken bizitzako antzezpen onenetarikoa zela adierazi zuen. Born to Be Blue eta The Magnificet Seven ez ezik, urte honek Hawkeren beste lan batzuk ere ekarriko dizkigu. Askotariko proiektu erakargarriak biltzen dituen zerrenda bat da: The Phenom, Maggie’s Plan eta In a Valley of Violence.
Iaz Alejandro Amenábarren Regression filmak eman zion hasiera zinemaldiari. Hawke zen protagonista; tamalez, ezin izan zen bertaratu, The Magnificent Seven filmatzeko konpromisoak tartean. Zinemaldiak pozarren omenduko du Hawke aurten Donostia Sariarekin, orain aktorearen errepertorioak, betiere hazibidean, zikloa ixtea ahalbidetzen duelako.
Ethan Hawke gazteak gogotik hartu zuen “Bildu itzazue arrosak ahal bitartean” esaldia Dead Poets Society filmatu bitartean. Oscar saria irabazi zuen drama horrek bultzada indartsua eman zion haren antzezle-lanari. Hogeita hamar urte eta Tony eta Oscar sarietarako hainbat izendapen ondoren, artista polifazetiko gisa nabarmendu da, idazle, gidoilari eta zuzendari gisa desafioak edukitzeko beldurrik gabea.
Azkenekoz Robert Budreauren Born to Be Blue filmean agertu da. Chet Baker tronpetari famatua hezurmamituz egindako antzezpen hura gogoz goraipatu zuten Torontoko zinema jaialdian. IFCk 2016ko martxoaren 25ean estreinatu zuen. Maggie’s Plan filma ere, non protagonista den Greta Gerwig eta Julianne Moorekin batera, iaz estreinatu zen, Torontoko zinema-jaialdian. Sony Pictures Classic etxeak 2016ko maiatzaren 20an atera zuen. Noah Buschel’s-en The Phenom obran ere ikusi dugu. Filma 2016ko ekainean estreinatu zen.
Horrez gain, Grand Central Publishing etxeak Hawkek Greg Ruth ilustratzailearekin elkarlanean egindako Indeh nobela grafikoa argitaratu zuen 2016ko ekainaren 7an. Indeh-k gerran dauden bi nazioren kontakizuna dakar: garai nahasi batean, bakea eta barkamena lortzen saiatuko dira. Zuzenean New York Times egunkariko Bestseller List for Hardcover Graphic Novels zerrendaren lehen postura sartu zen nobela.
Hawke The Magnificent Seven filmean agertuko da aurki, Antoine Fuquaren zuzendaritzapean. MGM ari da film ikoniko horren remakea egiten, eta Denzel Washington, Chris Pratt eta Peter Sarsgaard ere agertuko dira obra horretan. Torontoko 2016ko nazioarteko zinema-jaialdian izango du munduko estreinaldia; jaialdia inauguratuko du, gainera. Sonyk 2016ko irailaren 23an eramango du zinema-aretoetara. Ondoren, Blumhouse eta Ti West-ren In a Valley of Violence filmean agertuko da. 2016ko SXSW zinema-jaialdian estreinatu zen, eta 2016ko urriaren 21ean egingo du zinema-aretoetan debuta.
Duela gutxi Hawkek bere lehen dokumentala zuzendu zuen, Seymour: An introduction. Tellurideko 2014ko zinema-jaialdian estreinatua, nazioartean erakutsi zen ondoren, Torontoko nazioarteko zinema-jaialdian. Proiektuak Seymour Bernstein piano-jotzaile eta -irakasle famatuaren bizitzari jarraitzen dio. IFCk 2016ko martxoaren 13an estreinatu zuen.
Hawkek hainbatetan jardun du Richard Linklater zinemagilearekin elkarlanean, honako lan hauek barne: Fast Food Nation, Waking Life, The Newton Boys eta Tape. Haien azken elkarlanak, Boyhood filmak, 2014ko Sundance zinema-jaialdian egin zuen debuta. IFCk urte bereko uztailaren 11n estreinatu zuen. Hawkek Patricia Arquette eta Ellar Coltranerekin batera antzeztu zuen film goraipatua. 12 urtez etenka filmatua, haur baten bizitzaren berri ematen du, 6 urtetik 18ra bitartean. Antzezpen horregatik, antzeztaldeko gizonezko aktore onenaren kategoriarako izendatu zuten sari hauetan: Oscarrak, Aktoreen Sindikatuarenak, Urrezko Globoak, BAFTA, Independent Spirit, Kritika Zinematografikoarenak eta Gotham sariak.
Batera egindako beste proiektu txalotu batean, Hawke, Julie Delpyrekin batera, protagonista izan zen Before Sunrise film goraipatuan eta haren bi sekueletan: Before Sunset eta Before Midnight. Hirukoteak elkarrekin idatzi zituen Before Sunset eta Before Midnight filmen gidoiak, eta Oscar eta Independent Sarietarako izendapen bana jaso zituen bi gidoi horiengatik. Hawkek, Linklaterrek eta Delpyk, orobat, Louis XII Genius saria jaso zuten BFCAren Kritika Zinematografikoaren sarietan, “Before” proiektuarekin egindako lan zinematografikoarengatik.
Ben Stiller-en Reality Bites (1994) komediarekin garai hartako pop-espirituaz baliatuta, Hawke berrogeita hamarretik gora filmetan izan da protagonista, besteak beste: Good Kill, Predestination, The Purge, Explorers, White Fang, Gattaca, Great Expectations, Hamlet, What Doesn't Kill You, Brooklyn’s Finest, Sinister eta Before The Devil Knows You're Dead. Antoine Fuquaren Training Day filmean Denzel Washingtonekin batera aritu zen lanean, eta antzeztaldeko gizonezko aktore onenaren kategorian izendatu zuten, hala Oscar sarietan nola Aktoreen Sindikatuko sarietan.
2011n zuzendari-lanetan debuta egin zuen Hawkek, Chelsea Walls dramarekin. Filmak egun berean Chelsea Hotelean gertatzen diren bost istorio kontatzen ditu. Uma Thurman, Kris Kristofferson, Rosario Dawson, Natasha Richardson eta Steve Zahn dira protagonistak. Halaber, Josh Hamilton zuzendu zuen Straight to One film laburrean, Chelsea Hotelean bizi den bikote maitemindu bati buruzko istorio bat.
2015 urtearen amaieran Hawkek bere lehen haur-nobela argitaratu zuen, Rules for a Knight, Knopf argitaletxean. Haren emazte Ryan Hawkek irudiztatu zuen. Rules for a Knight liburua indarrez sartu zen New York Times egunkariko bestsellerren zerrendan. Aspaldi galdutako dokumentu bat balitz bezala planteatuta dago: Hawkek Thomas Lemuel Hawkeren ahaide urrun baten gisan aurkitu du bere burua
eta berriz argitaratuko du. Nobelak ez ezik, 2009ko apirilean Hawkek Kris Kristofferson artistari buruzko kronika sakon bat idatzi zuen Rolling Stone aldizkarirako. 2008an Knopf argitaletxeak haren bigarren nobela atera zuen argitara, Ash Wednesday, eta Bloomsburyk bere klasiko garaikideen sailerako aukeratu zuen. Hawkek 1996an idatzi zuen bere lehen nobela, The Hottest State. Little Brown etxeak argitaratu zuen, eta gaur egun 19. argitaraldian dago. Bere bigarren zuzendari-lanean, Hawkek pantailara eramateko moldatu zuen The Hottest State, eta Lisa Loeb musikaria agertzen den musika-bideo bat ere zuzendu zuen filmerako.
Hogeita bat urte zituenean, Hawkek Malaparte Theater Co. eskola sortu zuen; bost urtez baino gehiagoz egon zen irekita, eta bere artea garatzeko bide eman zion hainbat artista gazteri. Hurrengo urtean, 1992an, Hawkek Broadway-n debuta egin zuen The Seagull lanarekin. Broadwayn ere, Henry IV antzezlanean aritua da Richard Eastonekin, baita honako hauetan ere: Buried Child (Steppenwolf); Hurlyburly, zeinak Lucille Lortel sarietarako izendapen bat ekarri zion, aktore nagusiaren kategorian, eta antzezpen onenaren kategoriako izendapena Drama League sarietan (The New Group); The Coast of Utopia (Tom Stoppard), zeinari esker antzezlan bateko aktore onenaren izendapena lortu zuen Tony sarietan, baita beste izendapen bat Drama League sarietan ere, antzezpen onenaren kategorian (Lincoln Center). Horrez gain, The Bridge Project-en bi antzezlanen inaugurazio denboraldian aritu zen, eta jarduera horrek Drama Desk sarietan antzezlan bateko aktore onenaren izendapen bat gehitu zion (Brooklyn Academy of Music eta The Old Vic). Blood From a Stone lanean ere jardun zuen (The New Group), eta azken horregatik antzezpen onenaren Obie sari bat irabazi zuen 2011n. 2007an Hawkek Off-Broadway zirkuituan egin zuen zuzendari-debuta, Jonathan Marc Sherman-en komedia beltzaren munduko-estreinaldiarekin: Things We Want. 2010ean Sam Sheparden A Lie of the Mind zuzendu zuen. Lan horrek antzezlan bateko zuzendari onenaren hautagaitza ekarri zion Drama Desk sarietan. The New York Times eta The New Yorker argitalpenek 2010eko 10 antzezlan onenen artean sartu zuten. 2012an protagonista izan zen Txékhov-en Ivanov antzezlanean, Classic Stage Company taldearekin. 2013an Clive zuzendu zuen: Bertolt Brecht-en Baal obraren antzerkirako egokitzapena, Jonathan Marc Shermanek (The New Group) moldatua. Lan horretan bera izan zen protagonista ere. Halaber, Macbeth antzeztu zuen Lincoln Center Theatren.
Hawke New Yorken bizi da, ezkonduta dago eta lau seme-alaba ditu.