"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Irudi errealak marrazkiekin nahasiz, 3D Animaziozko teknika erabiltzen duen film labur bitxi, metaforiko eta oso ikusgarri honek, Kim soldadu hego-korearrak iraganean bizi izandako gertakari baten lekukotasuna biltzen du. Haren oroitzapenen bitartez –off -ean entzungo ditugunak– bi Koreak banatzen dituen Desmilitarizatutako Eremu arriskutsu eta debekatua zeharkatu behar izan zueneko esperientzia gogor eta zaila ezagutuko dugu. Hura bai infernua, benetan beldurgarria.
Zalantzarik gabe bere bizitzako misio zailena izango den horrekin aurrera doalarik, Kim gazteak, ustekabean, gizakientzat tokirik ez duen eremu harrigarri batekin egingo du topo.
Gazte zelarik laburren munduan sartu eta nagusiki artista multimedia eta dokumentalgile bezala nabarmendu den Hayoun Kwon hego-korearraren lan hau, memoria historiko eta norbanakoarenaz hausnartzen duen arte-lan originala, Oberhausen-eko Nazioarteko 62. Zinema Jaialdian saritu zuten.
A.M.