"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Zinemaldira aurten hirugarrengoz etorri den Pablo Alvarez txiletarraren egitasmo labur eta ausart honek ez ditu ikusleak nolanahi utziko. Dokumental faltsu baten modura eratutako saiakera filma da, 18 urtetik gorakoei zuzendua, eta edukiz ezerosoa den aldi berean –bortizkeria eta sexuzko irudi gogorrak erakusteaz gain urduritasun eta egonezina eragiten ditu– ikaragarrizko jakinmina sortzen du istorioak aurrera egiten duen neurrian.
Santiagoko kaleetako gaueko giroa erakusten du, eta bitartean, ezagutzen ez dugun delako “arrotz” horren nortasunari buruzko lekukotasunak off -ean entzungo ditugu. Bestetik, prostituta gazte batek ezagutzen ez dugun bezeroarekin izango duen lansaioaren lekuko izango gara.
Alvarez, 2014an, Zine-eskolen Nazioarteko Topaketan partaide izan zen, non Los resentidos(2014) fikziozko film laburra aurkeztu zuen, gerora SANFIC eta BioBioCine jaialdietan saritua. Iaz berriz, Ikusmira Berriak programan parte hartu zuen, El extraño egitasmoa bertan aurkeztuz. Eta aurtengoan, partaidetza bikoitzarekin datorkigu. Izan ere, film labur bitxi hau estreinatzeaz gain, Zuzendari Berrien saileko epaimahaikidea baita.
A.M.