"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Igelak izena du Patxo Telleriaren komedia berriak eta Gorka Otxoa aktore donostiarra du protagonista. Egungo egoera sozial gogorreko kaltetuengan jarri du arreta, euskara hutsean filmatu den eta musikari oso leku nabarmena ematen dion, lan honek. Ainhoa Arteta, Xabi Solano, Gose, Francis, Natxo de Felipe, Oreka Tx, eta Gatibu ikusiko dira pantaila handian. Musikaren presentzia nabarmena da. Eta bere esanahia du. “Musikariak, beste jende asko bezala, kalean daude, kale gorrian”, azaldu digu Telleriak, “eta kalean, ahal duten moduan, bizimodua bilatzen dute. Horregatik, pelikulan entzuten diren kanta asko zuzenean gertatzen dira. Ekintzaren barruan kokatuta daude”.
Komedia sozial gazi gozoa da Igelak, krisi garaian kokatuta dago, hemendik lau urtera kokatutako hipotesia Telleriaren hitzetan, “eta espero dut ez asmatzea, baina nire ustez gauzak okerrera egingo dute”. Zuzendari bilbotarrak istorio bat kontatu aurretik bere buruari galdera pila bat egiten dizkio eta pelikula honetan ere galdera orokor bat dago: Zer puntutaraino pertsona maltzur eta zital bat berezkoa da edo zirkunstantziek halakoa egin dute? Igelak filmak zirkunstantziek asko eragiten dutela erakusten du.
Pelikula honen protagonista, delitu ekonomikoengatik atxilotzen duten, banku sukurtsal bateko zuzendaria da. Bere nagusiak ere inplikatuta daude eta bakarrik utzi dutela konturatzean, kartzela saihesteko, ihes egiten du. Patuaren kapritxo bategatik etxegabetuen elkarte batek okupaturiko etxe batean aurkitzen du babesa. Bere kide berrien konfiantza bereganatzen du, atzerrian bizitza berri bat hasteko behar duen dirua lapurtzeko asmoz.
Ideia irudietan islatzeko, Patxo Telleriak bere konfiantzazko lantaldea izan du ondoan. Gurutze Beitia, Miren Gaztañaga edota Josean Bengoetxea aktoreak lehen aldiz ari dira zuzendariarekin lanean, “baina Gorka Otxoa, Mikel Losada eta ekipoko tekniko gehiena berdina da. Konfiantza ematen dizun eta ondo funtzionatzen duen jendearekin gustura egiten da lan”, dio Telleriak.
Zuzendari gisa, hirugarren film luzea du Telleriak. Erronka berri honi aurre egiteko momentuan, bere jarrerari eutsi dio eta euskara hutsean egin dute. Ondoren, gaztelaniara bikoiztu dute: “Dauzkaten ideien artean, badakit batzuk ezin direla euskaraz egin, baina hau bai. Desabantailak izan ditzake, baina gure kulturarekin badago sintonia istorioan, hurbiltasuna antzematen da. Musikarekin ere lotura dago, batzuk betiko euskal kantak dira eta filmarekin bat datozelako berreskuratu ditut”.
NORA ASKARGORTA