Maríak 35 urte dauzka eta oraindik ez du bere tokia aurkitu. Nerabe zelarik ama hil zitzaion, eta bi anaia dituen arren, bera da geroztik aitaz arduratzen den bakarra. Familia bilduta ospakizun baten erdian daudela, aitak kimioterapia saio bitartean ezagutu duen erizaina emaztegai
bezala aurkeztuko die etxekoei. María lur jota geratuko da. Zera, aurrerantzean aitak ez du deustarako beharko, eta horrek kezka larria sortuko du beragan. Zertaz arduratuko da orain?
Bitartean, argitaletxe batean lan egiten du eta bere ametsa urteak idazten daraman eleberri amaigabe hori bukatu eta argitaratzea da. Maitasun kontutan ere ez doakio ondo, izan ere, maite duen mutilak tarteka besterik ez du ikusi nahi, sexu jokoetarako, baina ez du bere eguneroko bizitza berarekin partekatzeko asmorik.
Nely Reguera kataluiniarraren lehen film luzea oso atsegina da, erraz eta gustora ikusten diren horietakoa. Duen umorea eguneroko bizitza arrunteko xehetasun txikietan oinarritua dago, alegia gutako edonori ezagun egingo zaizkigun egoera eta elkarrizketa maiz patetikoetan. Aldi
berean, noraezean dagoen gazte baten drama ederki adierazten du. Gertukoa da, alde horretatik.
Maríaren rola iazko Goya jaso zuen Bárbara Lennie modakoak antzezten du. Esan beharra dago Reguerak haren neurrira idatzi duela dirudien pertsonaia horri ezin hobe egokitzen zaiola eta goraipagarria dela film osoan zehar egiten duen lana. Biribila. Begiradarekin irudia bete egiten du eta erraz enpatizatzen du ikuslentzulearekin. Zalantzarik gabe sari garrantzitsu bat baino gehiago jasoko du hurrengo hilabeteetan.
Protagonista hutsa Lennie bera bada ere, izenburuko “beste” horiek oso ongi aukeratu ditu Reguerak: Julián Villagrán bikaina, Maríaren mutil-lagun ezhoikoaren rolean, María Vázquez, José Ángel Egido, eta besteak beste, ikusentzuleon arreta dudarik gabe erakarriko duena,
Vito Sanz ia ezezaguna, anaia gaztearen rolean.
Avalon P.C.-k partaidetza handia izan du ekoizpenean, hau da espainiar zinemagile gazteen bultzatzaile garrantzitsua bihurtu den ekoiztetxea, besteak beste, Alberto Rodríguez eta Raúl Sánchez-Arévaloren lehen lanak ekoiztu zituen.
ANE MUÑOZ