"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Emir Kusturicak bederatzi urteren ondoren egindako lehen fikziozko luzemetraia ero eta erdi kitsch honen oinarria, zalantzarik gabe Gato negro, gato blanco (1998) dibertigarriaren antza handia duena, berez 2014ean zinemagile ezberdinek elkarlanean egindako Words With Gods film-bildumarako Kusturicak berak zuzendu zuen atala da.
Hasiera-hasieratik, zinemagile serbiar ospetsuaren sinadura daramala igarriko diogu. Ijituen orkestrak direla, ispiluaren aurrean saltoka arraultzak jartzen dituen oilo narzisista, belatz handi dantzaria, astoak, ahateak, zerriak… eta gudaren erdi-erdian, pertsonaia sorta ezin eroagoak.
Kusturicak, kameraren atzean zuzendariarenak egiteaz gain protagonistaren rola beregan harturik, Monica Bellucci izar italiar ospetsua aukeratu du bere bikote exotikoa antzezteko, eta bien arteko ezinezko amodiozko istorioarekin irudimen handiko mundu surrealista batera garraiatuko gaitu. Hau da Kusturicaren unibertsua, bete-betean. Haren jarraitzaileentzat opari bat denik ez izan dudarik.
Gerra garaian kokatua, herritxo batetik bestera soldaduengana merkantzia eramateko asto gainean doan esne-saltzaile baten istorioa kontatzen du, hamaika animalia eta pertsonaia ezin martzianoagoak topatuz bidean. Gatazkaren erdian, lehergailuak eta balak albotik pasatzen ikusiko ditu, baina berari ez dio gerrak eragiten, ez da sekula zauritzen, bera beti aurrera iskanbilaren erdian.
Bellucci eta Kusturicaren alboan, zinemagile serbiarraren film gehientsuetako ohikoak diren Predrag Manojlovic, Sloboda Micalovic antzezleak azaltzen dira.
A.M.