"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Gaurko Zinemira saileko bigarren filma Skhvisi sakhli/ House of Others lehiaketatik kanpoko koproduzioa da Georgia, Errusia, Kroazia eta Euskal Herriaren artean. Nola sentitu daiteke norbait, gerra baten ostean, galtzaile suertatu den norbaiten etxea egokitzen bazaio? Hau litzake Besteen etxea filmaren hasierako premisa.
Georgia, 90eko hamarkada. SESBa desagertu da, eta Abjaziako autonomian gerra zibil anker eta suntsitzaile bat utzi du atzean. Hango herri batean, bi familia onik atera dira gatazkatik, gorputzez behintzat. Irabazi duen aldeko kide direnez, galtzaileek bertan behera utzi dituzten etxeak egokituko zaizkie. Oroitzapen zaharrez eta besteren objektuez betetako espazio irreal batean, bizitza berri baketsu bat eraikitzekoak dira. Hala ere, laster konturatuko dira zein zaila den zeregin hori: gerrak euren egunerokoan jarraitzen du; izan ere, balen soinuak hondamena eragiten du oraindik ere euren barruan.
N.A.