"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Ez dago zalantzarik Lav Díaz filipinarra egungo zinemagilerik oparoetakoa denik. Beste askoren artean West Side Kid (2001), Death in the Land of Encantos (2007) eta From What Is Before (2014) filmekin sari ugari jasotakoa, etengabe ekiten dio filmatzeari. Oparotasunaren adierazgarri da, adibidez, Hele Sa Hiwagang Hapis aurtengo Berlingo Jaialdian estreinatu eta urte erdi geroago, Veneziako Jaialdian, ia lau ordu irauten duen Ang Babaeng Humayo (The Woman Who Left) film berria aurkeztu izana. Horrexek jaso du, hain zuzen, aurtengo Urrezko Lehoia.
Berlinen saritua izan ondoren Zinemaldira ekarri duen filma ez da nolanahikoa. Zortzi ordu irauten duen zuri-beltzezko arte-lan luze, aske eta berezia da, musikarekin eta literaturarekin estuki lotua, eta Díazen lan gehientsuak bezala, Filipinetako borroka sozial eta politikoa du ardatz nagusi. XIX. Mendearen amaieran kokatua, Espainiako gobernu kolonialari aurre egin zion Filipinetako Iraultzari buruzko istorioa biltzen du, pasarte historiko garrantzitsuenak bere estilo poetiko bereziaz erakutsiz.
A.M.