"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Batzutan ez da samurra izaten pantailaren aurrean eskainiko diguten hori besterik gabe irentsi eta gozamenez barneratzea. Ikusitakoak mindu egiten baikaitu batzutan, tristetu, amorratu eta izorratu ere, izorratzen gaituen istoriorik ikusiko genuen inoiz. Agian entzun nahi ez duguna esaten digutelako, ikusi nahi ez duguna erakusten digutelako, gure gogoz kontra atsegin ez dugun istorio baten lekuko bihurtarazten gaituztelako aretoan sartzea erabaki dugunetik.
Offline(2012) filmarekin nazioarteko hainbat jaialditatik igarota, besteak beste, Amiensekoan Film Onenaren saria jaso zuen Peter Monsaert zinemagile belgiarrak. Bigarren film luze honen gaia ez da erraza. Gertakari bortitzen kontaketak sekula errazak ez diren bezala. Bestalde, eskertzekoa diogu ikusentzuleak ikusi nahi ez duena ez erakusteagatik, tragedia off ean kontatu eta bortizkeria erakutsi ordez iradokita nahikoa dela jakinik berau azaltzeko erabili du en moduagatik.
Monique eta Sylvie ama- alabek burdel bat dute Flandria eta Frantziaren arteko mugaldean. Gau eta egun bertan bilduta, ahal duten moduan aurre egingo diote egunerokotasun zail eta gogor bati. Behin batean, Elinek, Sylvieren alaba txikia, inoren baimenik gabe sartzea lortuko du, eta ustekabean, amatxoren lana ez dela berak uste zuena ikasiko du. Izan ere, amak bere lana gizon bakarti gajoei besarkadak ematean datzala ustearazi baitio lehendik. Txikiak bertan biziko duen esperientzia ez da inorentzako erraza, eta beste ondorio latzen artean, senitartekoen harremanak kolokan jartzea eragingo du.
Gidoia idazteaz gain, Monsaertek ederki zuzendu ditu ama-alaba-ilobak antzezten dituzten aktoreak, bai eta haien inguruan murgiltzen diren gizonezkoak ere. Ez da erraza umeekin lan egitea, eta hemen, txikia sinesgarri dago, begirada hutsarekin erraz igorriko dizkigu bere kezka, jakinmina, helduen munduarekiko gaizkiulertzeak, ezjakintasuna, beldurrak eta mina.
Ane Muñoz