"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Bart iluntzean egin da Donostiako 64.Zinemaldiko inaugurazio gala. Mireia Gabilondo aritu da aurkezle lanetan, Emma Suárez eta Cayetana Guillén Cuervorekin batera. Hiru led-pantailek girotu dute ekitaldia, eszenatokian gertatzen zenarekin elkarreraginean; adibidez, gala abiarazi duen dantza-piezarekin. Irudiak, berriz, kartel ofiziala hartu dute inspirazio- iturritzat.
Hasteko, urteko film onenaren Fipresci saria eman zaio Toni Erdmann pelikulari. Saria jasotzera filmeko aktore nagusi Peter Simonischek eta Janine Jackwoski ekoizlea agertu dira eszenatokian.
Honen segidan, zinema latinoak Zinemaldiaren baitan duen garrantzia azpimarratu dute aurkezleek, Horizontes Latinos, Made in Spain edota Zinema Eraikitzen sailak lekuko.
Zinemaldiaren babesle eta bidaide den TVEren 60. urteurrenari keinu bat egin zaio, baita Donostiaren Europako kultur-hiriburutzari ere, bereziki hiriburutzak ekoitzi duen Kalebegiak talde-filmari.
Ekitaldia berotzen hasi da Bertrand Tavernier handiak Jacques Becker zinemagile frantziarrari eskainitako atzera begirakoa aurkeztu duenean, haren seme Jeanekin batera: “Ezinezkoa da frantziar zinema ezta Frantzia bera ere ezagutu Jacques Beckerren film guztiak ikusi gabe”, ziurtatu du Tavernierrek, haren semeak aldiz aitaren “eskuzabaltasuna” azpimarratu duelarik.
Inaugurazio-galaren amaierari ekin aurretik, epaimahai ofiziala aurkeztu dute eta horren presidentearen, Bille August zinemagile daniarraren, hitzak entzuteko aukera izan da:" Zinemaldian egiten dugun lana oso gauza serioa da, baina baita zirraragarria ere”, eta zera gaineratu du “Donostiako ikusleak munduko kartsuenak dira!”.
Bukatzeko, inaugurazio-filmaren lantaldeak hartu du parte. Zuzendariak, Emmanuelle Bercot frantziarrak, eta protagonistak, Sidse Babett Knudsen aktore daniarrak aurkeztu dute La fille de Brest filma.
Kursaal auditoriumean bildutako jendeak txaloaldi bero batez agurtu du kopuruz eta aniztasunez oparo izango den aurtengo Zinemaldia.