"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Zinema-areto gisa betetzen duen 30. urteurrenean, animaziozko bi fi lm eta Donostiaren hamabi erretratuz osatutako talde-ekoizpena izango dira Belodromoan ikusgai.
Sausage Party helduentzako animazio-komedia bat da, Conrad Vernonek eta Greg Tiernanek zuzendua. Supermerkatuko saltxitxa bati buruzko fi lma da, zeina bere patuaren berri izatean, hari aurka egiten saiatuko den. Seth Rogen eta Evan Goldberg gidoilarien umore garratzari honako aktoreek jarri diote ahotsa jatorrizko bertsioan: Jonah Hill, James Franco, Kristen Wiig, Edward Norton, Paul Rudd eta Salma Hayek antzezleek, baita Rogen berak ere. Emanaldia irailaren 20an izango da; hain zuzen, Oliver Stonek Salvador filmarekin Belodromoa zinema-areto gisa estreinatu zuenetik hogeita hamar urte igaroko direnean.
Storks animazio-filmak, berriz, haurtxoen eta zikoinen mitoa hartzen du abiaburu; hala, multinazional baten moduan egituratuta dagoen haur-banaketako fabrika batean barneratuko da. Familia-komedia hau Doug Sweetlandek eta Nicholas Stollerrek zuzendu dute. Gaztelaniazko bikoizketa Belodromoan entzungo da estreinakoz, irailaren 18an, eta José Luis Gil, Belén Cuesta, Juan Ibáñez, Damian Mollá, Christian Gálvez, Almudena Cid eta José Corbacho jarriko dituzte ahotsak.
Irailaren 21ean Kalebegiak proiektuak, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren ikus-entzunezko apustu garrantzitsuenak, hartuko du Belodromoa. Donostian irudikaturiko hamabi istorioz osatutako talde-lan horretan, zinemagile hauek esku hartu dute: Koldo Almandoz, Asier Altuna, Luiso Berdejo, Daniel Calparsoro, Iñaki Camacho, Las chicas de Pasaik (María Elorza eta Maider Fernández Iriarte), Borja Cobeaga, Telmo Esnal, Isabel Herguera, Ekain Irigoyen, Julio Medem, Izibene Oñederra, Gracia Querejeta eta Imanol Uribe.
Horrez gain, Belodromoa goizero izango da zinema-jaialdiko eszenatoki; izan ere, goizero haur-zinemako saio bat emango baita, ikastetxeekin hitzartutako programaren bitartez. Aurten, Danimarkako Albert animazio-filma eskainiko da, Karsten Kiilerich zuzendariarena.
Eta, ohikoa den moduan, hilaren 24an saio berezi bat egingo da Oliver Stonek munduko zinema-areto handien gisa deskribatutako eremu horretan: saio horretan, sari-banaketaren gala eta bi fi lm hauek proiektatuko dira: klausurakoa, L’Odyssée / The Odyssey, eta Perlak saila itxiko duena, Arrival, Villeneuveren film berria. Zinergia proiektuko film labur batek osatuko du emanaldia: Kike Mailoren Cabra y Oveja.
SERGIO BASURKO