"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Lehiaketako filmen artean zortzi dokumental daude eta fikziozko film luze bakarra. Igelak filmean Patxo Telleriak bankari ustel baten istorioa kontatzen digu umore giroan. Juan Barrerok, berriz, Chillida: esku huts dokumentala aurkeztuko du, eskultoreari buruzko lan poetiko eta intimista, eta Juanma Bajo Ulloak rockari buruzko gogoeta egingo du Rocknrollers filmean Gasteizko Azkena Rock jaialdia aitzaki hartuta. Maider Oleaga Iragan Gunea Berlin pelikularekin lehiatuko da, Berlinen bizi diren bost pertsona anonimoren erretratua eginaz eta Justin Websterrek, ETA bere amaierara eraman zuen prozesua kontatuko du El fin de ETA-n. New Yorkera ere bidaiatuko dugu Quinta planta dokumentalarekin, solidaritatea aitzakia hartuta istorio hunkigarria ekartzen digu Mikel Ruedak.
Halaber, hiru zinemagilek beren lehen film luzeak aurkeztuko dituzte. Aitor Aspe Baskagívin. Euskal baleazaleen hilketa filmarekin lehiatuko da, 1615ean Islandian gertatu zen 31 bale-arrantzale euskaldunen hilketa aztertzen duena. Juan Palaciosek Pedalórekin egingo du bere debuta, hiru lagunen bidaia nautiko surrealista pedalo batean. Eta GUtik ZUra Mari Jose Barriolaren lehen ikus-entzunezko lanean pertsonaren eta zuraren arteko harremana ikusiko dugu.
Lehiaketaz kanpoko filmetan ere aniztasuna da nagusi: Helena Tabernaren Acantiladok, bi anai-arreben eta Kanarietako sekta baten historia kontatuko digu; Olatz González eta Jørgen Lethen Pelota II dokumentalak pilotaren munduan sakonduko du; eta Mara Mara Pirinioetan david Aguilarrek filmatutako elur-ekaitz bat da. Oihalak adarretan filmean armeniarren gatazka eta hondamendien berri emango digu Juanmi Gutiérrezek; Nola? filmean, Fermin Muguruzak Katrina gertatu zenetik hamar urte igaro ostean New Orleanseko egoera aztertzen du; eta Rusudan Glurijdzek zuzendutako House of others filmak, Abjaziako gerraren ostean, garaituen etxe hutsak esleituko dizkieten bi familiaren istorioa ekarriko digu. Badugu, halaber, begirada gure iragan hurbileko aitzindarien gain jartzeko lekurik. Gaur irekiko ditu ateak, Eriz Zapirainek, ‘Egunkaria’ sortzeko abenturen berri emango digu eta Iratxe Fesnedak, Irrintziaren oihartzunak filman Mirentxu Loyarte zinemagilearen lanean murgilduko da.
Horrez gain, Euskal Zinemaren Galan, Agirre lehendakaria eta Igelak proiektatuko dira eta bertan jasoko du Ramon Bareak Zinemira saria.