"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Paprika Steen Eskandinaviako aktore garrantzitsuenetako bat da. Komedia zein drama menderatzen ditu eta imajina litekeen pertsonaia oro hezurmamitzeko gai da. Sari eta izendapen ugari jaso ditu.
1990eko hamarkadan, Dogma mugimenduko kide gailenetako bat izan zen, eta mugimenduko lehen hiru filmetan protagonistaren rola jokatu zuen: Thomas Vinterberg-en Festen (Celebration, 1998), Lars Von Trier-en Idioterne (The Idiots, 1998) eta Søren Kragh-Jacobsen-en Mifune sidste sang (1999).
2000. urtean bere lehen Bodil saria irabazi zuen, antzeztaldeko emakumezko aktore onenari, Den eneste ene (The One and Only, Susanne Bier) filmagatik. 2002an, Bodil saria, Robert saria eta American Film Institute-ren Epaimahaiaren Sari Nagusia irabazi zituen, Jesper W. Nielsen-en Okay filmari esker. Urte horretan ere antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren Robert saria lortu zuen Elsker dig for evigt (Bihotz zabalik, Susanne Bier) filmarekin; haren laugarren Dogma filma zen eta Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinatu zen.
Zuzendari gisa, 2004. urtean egin zuen bere lehen filma: Lad de små børn... (Aftermath) drama, alaba hil zaien bikote gazte baten trauma emozionalari buruzkoa. Hainbat jaialditan saritu zuten, besteak beste Lübeck Nordic Film Days eta Film by the Sea jaialdietan.
2009. urtean Outstanding Achievement in Acting saria eman zioten Hamptonseko zinema-jaialdian, eta emakumezko aktore onenari saria Karlovy Varyko jaialdian, Applaus (Martin Zandvliet, 2009) filmean egin zuen antzezpen bikainagatik.
Bere alderdi umoristikoa ere sarritan erakutsi du, hala nola Adams aebler (Adam’s Apples, Anders Thomas Jensen, 2005), Vikaren (The Substitute, Ole Bornedal, 2008), Den Du Frygter (Ez izan nire beldur, Kristian Levring, 2008) –Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialerako hautatua–, Superclásico (Ole Christian Madsen, 2011), eta Den skaldede frisor (Love Is All You Need, Susanne Bier, 2012) filmetan.
2014. urtean emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuen Donostia Zinemaldian, Bille August-en Stille hjerte (Silent Heart) filmean egindako lanari esker. Filmean, hiru belaunaldi amaren desira betetzeko elkartzen dira: gaixorik da ama, eta hil egin nahi du.