"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Nanni Morettik, 1994ean Caro Diario-rekin Cannesen saritu zutenetik nazioarteko mailan egungo zinemagile italiar onenetzat hartua, “zinema zinemaren barnean” deituriko azpijeneroari lan gozagarri hau gehitu dio, oraingoan. Ama baten galerak dakarrenaz hausnartu eta sentimenduen mundura eginiko bidaia serioa da, Moretti ironikoak umorezko ukituekin apaindua.
Margherita zinema zuzendariaren egunerokotasun mugitua, estres handikoa, bitan banatzen da. Batetik, filmaketa zail eta ezeroso bati aurre egin behar dio, eta bestetik, lanetik kanpo, ama oso gaixorik du eta ospitalera joaten da hura zaintzera. Emakumea oso kezkatuta dago amaren egoera larriagatik eta horrek bere lanean ezinbesteko eragina izango du.
Filmaketa gero eta zailagoa bihurtuko da AEBetatik etorritako Barry Huggins sasi izar harroputzaren profesionaltasun ezak eragingo dituen hainbat egoera jasanezinengatik. Margheritak zorrotz egingo dion arren, “Kubrickekin lan egindakoa dela” dioen aktore horrek ez du bat asmatzen. Kamera aurrean duenean elkarrizketak ahaztu egiten zaizkio eta oso jarrera txarra du gainontzekoekiko.
Rol horretarako, Morettik ezin aktore aproposagoa aukeratu du: John Turturro handia. Coen anaien Big Lebowski maisulan eroan egindako antzezpen bikaina areagotu egiten du eta oso dibertigarri dago. Ahaztezina da, adibidez, Jarvis Cockerren “Baby is coming back to me” dantzatzen dueneko eszena.
Gainontzeko aktoreak, halaber, bikain zuzenduta daude. Rol nagusian Margherita Buy topatuko dugu, Morettiren beraren Habemus Papam (2011) filmean aritua, eta zuzendaritzaz gain kameraren parean jartzea ere gustuko izan ohi duen Morettik berak Giovanniren rola beregan hartzen du, hau da Margheritaren anaia zintzo eta jatorra. Nerabezaro zaila igarotzen ari den alabaren rolean, berriz, Giulia Lazzarini irribarretsua oso sinesgarri dago.
Ez da Morettik Zinemaldira ekartzen duen lehen lana, izan ere La stanza del figlio (2001) Perlak sailean aurkeztu zuen Canneseko Urrezko Palmorria jaso ondoren.
Zalantzarik gabe, hauxe da aurtengo ekitaldiko film pilaren erdian aurkituko dugun goxoki dastagarrietako bat.
ANE MUÑOZ