"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Jone Karres Alemaniako Unibertsitatean hasi zen tradizio, festa eta identitate gaiak garatzen. Bueltatu zenean, prentsa bitartez alardeek sortzen zituzten gatazken berri izan zuen. Hondarribia eta Irunera alardeak ikustera joan ondoren, gaiari buruzko ikerketa antropologiko batzuk aurkitu zituen eta Eneko Olasagastirekin harremanetan jarri zen. Enekori aspalditik interesatzen zitzaion gaia eta buru belarri murgildu zen bera ere proiektuan. Honela jaio zen Alardearen seme-alabak. Hondarribiako eta Irungo alardeen iragana eta oraina jorratu ditu filmak pertsonen sentipenetatik abiatuta. Horiek esandakoak adituta, eta bi herrietako alardeak bertatik bertara biziz. Gero, ibilbide historiko bat egin du filmak 1996 eta 2000 arteko gertakariekin, “batez ere, tarte horretan finkatzen delako gero etorriko dena”. Pelikularen azken herenean, berriz, gaur egungo egoeraren berri ematen du. Emakumeak parte hartzearen aldeko eta aurkako ideiak bildu dituzte, “alarde tradizionalaren aldekoak ordea, gutxiago parte hartu dute, ez zuten nahi. Horrek ere, panorama nola dagoen erakusten du, inkomunikazioa azpimarratzen du. Hedabideek ere ez zuten asko lagundu, haiek argazki biolentoaren bila aritu ziren eta ez zuten arazoa sakonean aztertzen”, dio Jonek.
Dokumentala Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldian estreinatu zen eta era guztietako erantzunak jaso dituzte bi egileek: “Batzuek eskerrak eman dizkigute, baina kanpotarrak garela ere leporatu digute beste batzuek. Guk, gaia gizarte osoaren patrimonioa dela uste dugu, hainbat herrietako festetan gertatzen den gatazka baitugu berdintasunarena. Tradizioaren inguruan sortzen den kontraesan hori gai unibertsala da. Pozgarriena kazetari batek esandakoa izan zen, behingoz gatazkaren gorabeherak ulertzen zituela. Aurrera pauso nabarmena iruditzen zait, gaia ulertu eta ideia desberdinak dituztenen artean nolabaiteko enpatia bat sortaraztea. Alde batekoen eta bestekoen sentimendua festarekiko berdina da eta mundu guztiak sufritu du. Ea behintzat bestearen mina ulertuta, zerbait aldatu daitekeen.”
Oraindik jarrera nahiko gogorrak ikusten ditu Olasagastik: “Irunen bi alarde daude, eta Hondarrabian bakarra; Konpainiak aldiz, bakarrik desfilatzen du”. Zinemagileak uste duenez, ez da erraza izango jarrera horiek iraultzea, eta harago doa: “Gehien baldintzatzen duena, udalen jarrera da. Dokumentalean esaten dugu hori”.
Eta ahalegindu dira jokamolde horien zergatia azaltzen: “Jarrera horien sustraia gure baitan dago. Arazoa gizarte osoarena da. Euskal Herriko beste toki batzuetan ere emakumezkoei ez zaie festan parte hartzen utzi, berdintasun gabeziaren seinale da hori. Belaunaldi berriekin akaso balantza aldatzen joan daiteke, baina poliki-poliki”.
N.A.