"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Filma aurkeztu zenean, 2011n, Fernando Truebak esan zuen Chico ez zela Bebo, Chico 40ko eta 50eko hamarkadetako edozein musikari kubatar haietako bat zela, izan pianista bat, edo tronpeta jotzailea, edo baxu jotzailea. Izan zitekeela edozein. Baina Chico Bebo da, Bebo Valdes, Kubako musikak eman duen musikari handienetako bat. Hori ukatzea filmeko eszenatoki nagusiak La Habana eta New York direla ukatzea bezala da; edo animaziozko lan erraldoi hau, Espainian inoiz ekoitzitako garestiena, orokorrean musika estilo bati egindako omenaldi beroa dela ukatzea.
Bai, Chico Bebo da. Eta Chico txoratuta dago Rita kantariarekin. Chico piano jotzaile gaztea da Kubako hiriburuan, eta Rita handia izatea amets duen kantari bikaina da, Batista diktadorearen garaiko Kubako lokaletan kurbak astintzen dituen emakume lirain eta bihotz onekoa. Eta, bolero batean bezala, bien bizitza La Habanan elkartzen da, eta gero New Yorken bereizten, gero berriro elkartzeko. Dena, musikaren giro beroan.
Musikak berak gidatzen baitu Chico & Rita honen gidoia, batutak orkestra nola.
Ideia ekoizlearena izan zen: eta elkartzen baditugu animazioa inoiz egin ez duen zinema zuzendari bat, eta zinema inoiz egin ez duen marrazkilari bat? Fernando Truebak eta Javier Mariscalek bazuten, behintzat, musikarekiko pasioa. Eta La Habanarekikoa. “La Habanan beti nabil marrazten”, dio Mariskalek. “Azkenean, begietan mina hartzen dut, une orotan dena eskaneatzen”.
Filmatu, lehendabizi benetako aktoreekin filmatu zuten. Kubako San Antonio de los Bañoseko zinema eskolara joan ziren, eta hango irakasleak eta ikasleak hartu eta eszena nagusiak irudikatu zituzten. Marrazkilarientzako erreferentzia argi bat lotu nahi zuten horrela; teknologiaren nahitaezko artifizialtasunaren kontrako antidotoa edo.
Filma La Habanan girotuta dago, eta New Yorken. Eszenatokiak ezagunak dira, identifikagarriak: La Habanako Malekoiaren pareko hotel erraldoiak, esaterako; Dizzy Gillispieren lehen kontzertuak aterpetu zituen New Yorkeko Village Vanguard lokal mitikoa, adibidez.
Gillispie, Charlie Parker, Chano Pozo, Budd Powell, Mario Bauza, Machito y Tito Puente, Nat King Cole.
Bigarren Mundu Gerra ondorengo garai musikalki bikain hari omenaldi bat da filma, azken finean. Nola hasi ziren Parker eta Gillispie bera dantzatu ezin zitekeen musika jotzen, eta nola batu zitzaizkien kubatar haiek guztiak, erritmo afrikarrak eta latinoak muinean zeramatzatenak, eta nola jaio zen, horrela, jazz modernoa.
A.B.