"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Uholdeen kontzientziak bete du agure errumaniar baten bizitza. Galdu zuenaren oroitzapena hain zuzen, dena galdu baitzuen orduan: etxea, emaztea, itxaropena. Esku artean zeukan guztia eraman zuen urak. Zeukana, eta zeukanik ere uste ez zuena. Bizipoza, esaterako. Ametsak. Ingurukoekin bizitzeko gogoa, nabarmen. Harez gero, mamu bat da bere baitan. Etxe desordenatu eta triste batean bizi den behialako itzal bat baino ez.
Ez zen beti horrela izan. Lagunak izan zituen inoiz, berarekin mozkortzen ziren agureak, etxera etortzen ziren auzokoak. Udaletxera joaten denean agurtu egiten dute oraindik, adeitsu. Baina jada ez dago. Urak eraman zuen dena. Gizalegea ere kendu zion uholdeak. Eskerrak emateko gaitasuna ere erantzi zion natura basak, gogoa garbitu balio bezala.
Japonian bizi den semea bisitara datorkionean aldatuko da dena. Semearen, errainaren eta bilobaren konpainiarekin, egunari beste modu batez begiratzeko arrazoi berria aurkituko du agureak, eta aspaldiko sentimenduak berreskuratuko ditu horrela. Bilobak utzitako jolasteko txakur txiki batekin, esaterako, ohartuko da munduak aurrera jarraitzen duela ura desagertzen denean ere. Eta onena lurrari atxikitzea dela, pertsonak lurraren gainean bizi direlako. Bera, esaterako.
A.B.