"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Zuzendari handia behar du horrenbeste emozio horren sotil kontatzea lortzen duenak. Zuzendari eta sortzaile bikaina, horren istorio hurbil eta xumearekin barruak inarrostea lortzen duenak. Ez baita erraza bi agure ondo hezien dekadentzia inolako
sentimentalismorik gabe eta biguntasunik gabe kontatzea. Gordin eta argi kontatzea,
eta, hala ere, film osoaren fotograma guztietatik maitasuna borborka isurtzea lortzea. Edo, nahi bada, emari gozo eta busti eta epel batez.
Georges eta Anne Parisko burgesiako bi agure jantzi eta dotoreak dira, biak pianista
izandakoak eta etxe txukun batean bizi eta piano kontzertuetara joaten direnak, eta harremanetan daudenak esaterako Franz Schuberten integrala grabatzekotan dagoen
piano jotzaile profesional batekin, ikasle ohia. Kulturalki goi mailako adiskide sarea antzematen zaie. Aske bizi dira, alaba bakarra atzerrian dute, ez dute kateatzen dituen inolako loturarik inguruan. Ardoa edaten dute plazer dutenean, arrautza egosiak gosaltzen
dituzte, azken nobedade literarioen berri izatea gustatzen zaie. Egun batez, baina, dena
hondatzen hasi da. Gosariaren erdian, Anne mutu geratu da une batez. Kontzientzia
berreskuratu duenean, ez du ezer gogoratzen. Hor hasiko da gaixotasunaren maldan beheranzko bide luze baina geldiezina. Filma prozesu horren kontakizun xehea da.
Filmak ez zezakeen beste izenik izan: Amour, maitasuna. Esperientziak ematen duen elkar ezagutzan oinarritutako bizikidetza hori da, hain zuzen ere, Hanekeren filmaren alderdirik hunkigarriena. Nola, zein barne prozesuren bidez, irits daitekeen inor hainbeste maite izan zuen gorputzaren higaduraren aurrean izua ez sentitzera; zer dela eta onartzen dugun inoiz maite genuen pertsona eta gure parean ikusi arren ezagutzen ez dugun eta ezagutzen ez gaituen pertsona, pertsona bera dela. Nondik ateratzen den indarra. Zer mekanismorekin babesten den gogoa. Zer bitamina motak elikatzen duen etsitzea galarazten duen organo ikusezina.
A.B.