"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Mundu mailako estreinaldia
Kontakizun poetiko bezain asaldatzaile eta polemiko honek Per atezain ozpindu eta erretxinaren istorioa kontatuko digu. Atezainak kartzelatik atera berri den seme ganoragabea eta menderatuta dituen bi lagun patetiko ditu. Egun batean biluzik dagoen neska bat aurkituko du hutsik dagoen etxe batean. Iskina batean etzanda dago, gortina batean bilduta; zerutik erori dela dirudi. Itxuraz, ez daki hitz egiten eta besarkadak maite ditu. Zoriontsua dirudi, mutua eta apala: zerutik eroritako oparia. Perrek bere etxera eramango du, eta haren xalotasunak gauza berriak agerraraziko ditu Per eta bere lagunengan: maitasuna, agian? Katrine Wiedemann Danimarkako antzerki-zuzendari ospetsuaren bigarren filma; lehenengoa, Fruen på Hamre / The Lady of Hamre, 2000. urtean egin zuen.