"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Ez da egia, uda guztiak ez dira zoriontsuak. Uda batzuk benetako sufrikarioa izan daitezke, tortura amaigabeak, gauza luze bat plazerik eta interesik gabea, negua bera baino luzeagoa, udazkena bezain tristea, eta udaberria baino ilunagoa. Batez ere, zure inguruko denak ahalegintzen ari baldin badira uda hori zure bizitzako onena izan dadin, edo sinestarazi nahi badizute uda horretatik aurrera dena hobea izango dela, dena aldatuko dela, dena ahaztuko zaizula.
Udak gogorrak izan daitezke, batez ere nerabezaroan, zure bizitza markatuko dituzten harremanak, gertaerak, ikasketak, esperientziak orduantxe jazotzear daudelako, hain zuzen ere nerabezaroan, hain zuzen udan, eta gogorra da gero zuk amestu bezala ateratzen ez badira, edo inguratzen zaituztenen presioa gogorregia bada, edo zutaz aprobetxatu nahi duen inork inguruan toki bat egitea lortzen baldin badu.
Udak itxaropentsuak izan daitezke, Sophie zure ahizparekin dantzan hasi zarelako amaren ohe aurrean, edo lorategira ematen duen leihoko kristalaren kontra jo duen txoritxoa elikatzen hasi zarelako belarrean hartutako zizareekin, eta koskortzen hasi delako; edo ondoko bizilagunak sinpatikoa ematen duelako, edo ezagutu duzun mutilak musu bat eman nahi dizulako.
Baina udak traidoreak izan daitezke, Wandarena bezala, Stuttgartetik Zurichera joan eta dena hondatu zenekoan. Friederike Jehnen film honetan bezala, alegia.
A.B.