"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Juan Diego Botto Buenos Airesen jaio zen 1975ean, eta zinemako zein antzerkiko aktore ospetsuenetako bat da, bai Espainian, bai Argentinan. Zortzi urte zituela egin zuen debuta zineman Fausto Canel zuzendariaren Juego de poder (1983) filmarekin, eta, handik urte batzuetara, Colonen semearena egin zuen Ridley Scott zinemagilearen 1492: La conquista del paraíso (1992) pelikulan. Lehendabiziko arrakasta Montxo Armendárizen Historias del Kronen (1995) obrarekin lortu zuen, hiru Goya saritarako proposatu baitzuten.
Handik aurrera, bere ibilbideak etengabe egin du gora, eta hainbat zuzendarirekin aritu da lanean: Mariano Barroso (Éxtasis, 1996), Gerardo Vera (La Celestina, 1996), Alfonso Albacete, David Menkes eta Miguel Bardem (Más que amor, frenesí, 1996), Manolo Lombardero (En brazos de la mujer madura, 1997), Adolfo Aristarain eta Martín (Hache) (1997) filma, publikoaren eta kritikaren harrera paregabea lortu zituena, edota Imanol Uriberen (Plenilunio, 1999), aktore onenaren Goya saria eskuratzeko Juan Diego Bottoren bigarren proposamena.
Víctor García León zuzendariaren Vete de mí (2006) lanean egindako antzezpenagatik hirugarrenez aukeratu zuten Goya sarietarako. Aldez aurretik, beste bitan ere aritua zen Montxo Armendáriz zuzendariarekin (Silencio roto, 2001, eta Obaba, 2005); baita John Malkovichekin (The Dancer Upstairs, 2001), Manuel Gutiérrez Aragónekin (El caballero Don Quijote, 2002), Adolfo Aristarainekin (Roma, 2004) eta Luis Llosarekin (La fiesta del chivo, 2005) ere. Antzeztu dituen filmik berrienen artean daude: Bordertown (2006) eta La ciudad del silencio (2007), Gregory Nava zuzendariarenak; Va a ser que nadie es perfecto (2006), Joaquín Oristrell zinemagilearena; El Greco (2007), Yannis Smaragdis zuzendariarena, film honekin Kairoko zinema-jaialdian aktore onenaren saria eskuratu zuen; La mujer del anarquista (2008), Peter Sehr eta Marie Noëlle egileena; Las viudas de los jueves (2009), Marcelo Piñeyro zuzendariarena; Todo lo que tú quieras (2010), Achero Mañas egilearena; Dictado (2011), Antonio Chavarríasena; eta Sangre en la nieve (2011), Gerardo Herrero zuzendariarena.
Juan Diego Bottok beti uztartu ditu zinema eta antzerkia. Antzeztu dituen obren artean, honako hauek daude: Hamlet, berak zuzendua, lan horrekin aktore onenaren Fotogramas saria eskuratu zuen; El privilegio de ser perro, berak idatzia eta zuzendua; Despertares y celebraciones, berak idatzia eta bere amak, Cristina Rotak, zuzendua; eta La última noche de la peste, Víctor García Leónek zuzendua.