Iría Gómez Concheiro
Asalto al cine lanak lau neraberen istorioa kontatzen du: Negus, Chale, Sapo eta Chata. Haurrak zirenetik dira lagunak, Mexiko Hiriko Guerrero auzoan bizi dira eta edozein nerabek bezala, denbora zerbaitetan emateko premia dute. Horrelaxe bururatuko zaie zinema-areto bat erasotzeko ideia. Bakoitzak, bere gatazkaren baitan, eraso hori gauzatzeko arrazoiak aurkituko ditu. Abenturak beren bizitzei aurre egitera behartuko ditu eta arriskuan jarriko du duten gauza bakarra: adiskidetasuna.
Sergio Ramírez
Tomás Choc-i bi egun eta 150 km falta zaizkio bere alaba bakar Lucía ikusteko. Hogei urte igaro dira Guatemalako gerraren erdi-erdian armadak bahitu zuenetik; alabak hiru urte zituen orduan. Urrun igarotako denborak eragindako mina handia izan bada ere, bere historia ahantz ez dadin Tomásek bere borrokaren, erresistentziaren eta biziraupenaren esperientzia idatzi du koaderno batean, egunen batean alabari emateko itxaropenarekin.
Bernardo Arellano
Francisco autista eta bakartia da, eta ezikusiarena egiten diote. Egun batean arratoi bat aurkitu eta bere maskota bilakatuko du. Familia konturatu egingo da eta etxetik botako dute. Ahizparekin joango da bizitzera, urrutiko herrixka batera, baina han ere bizkarra emango diote. Basora alde egin eta naturaren edertasunak txunditu egingo du, baina erortzean konturatuko da ez dela bizitzeko lekurik aproposena. Agure batek salbatu eta sendatu egingo du. Bizimodu berri bat aurkituko du baso isilean.
Gabriel Rojas Vera
Hamar urtez ezkonduta egon ondoren bere ametsak atzean utzi eta bizitza etxekoak zaintzen ematea akatsa izan dela eta gazte denbora horretan joan zaiola konturatuko da Karen. Orduan, senarra utzi eta bere bizitza propioaren bila joatea erabakiko du. Aurreztua duen diruarekin gela bat alokatuko du Bogota erdialdean eta lana bilatzen saiatuko da, baina adinak eta esperientzia ezak zaildu egingo diote bilaketa. Karenek erabaki bat hartu beharko du: aurreko harremanaren egonkortasunera itzultzea edo bizitzari bakarrik aurre egitea.
Kyzza Terrazas
Ray eta Ramona bikote gaztea dira. Gorroto dute bizi diren gizarteko bidegabekeria. Bakoitzak bere lekutik -neskak musikatik eta mutilak aktibismotik- mundu bidezkoago baten alde borrokatu nahi dute. Autosabotajean sartuta, Rayk porrot egingo du bere errebeldian eta Ramona berarekin eramango du ekintza poetiko-terrorista batekin amaituko den beheranzko espiralean.
José Luis Sepúlveda, Carolina Adriazola
Nora Díaz antzeztearekin obsesionatuta dagoen eta etengabe gezurretan aritzen den aktoresa da. Bere obsesioak betetzeko bere pertsonaiak errealitatera eraman eta kalean probatzen ditu. Haien bitartez, egia eta gezurra nahastu egiten diren Txileko gizartearen asmakizun kontzienteak eta inkontzienteak entzun eta aztertuko ditu.
Carlos Moreno
Igandea da, hauteskunde eguna. Salvador goiz jaikiko da eta bere lursailean hasiko da lanean. Nekazari xume eta lasaia da, eta arreta gutxi eskaintzen dio hurrengo alkatearen aukeraketa dela-eta herrian dagoen iskanbilari. Baina, bat batean, bere bizitza aldatu egingo da. Goizaldean, norbaitek hainbat gorpu bota ditu bere arto sailen erdian, eta hantxe daude oso modu makabroan pilatuta. Kezkak eta amorruak hartuko dute Salvador eta herrira joango da, sarraskia salatzera, baina alkateak eta polizia komandanteak inori ez ezer esatea erabakiko dute, hauteskundeak ez nahasteko. Ordu bero eta gogorrak dituzte gizonek aurretik, hildakoen mendixkarekin zer egin erabakitzeko. Bitartean, eltxoek, telefono mugikorrak, kazetarien zurrumurru batek, aberats baten haserreak eta misio humanitario batek burrunba egingo dute haien belarrietan.