"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
James Toback zinemagile estatubatuarraren Fingers (1978) thriller ilunaren remake aparta da De battre mon coeur s’est arrêté (2005) pelikula. Izan ere,Jacques Audiard interesgarriak ez du mimetismo antzuaren babesik bilatzen inolaz. Aitzitik, jatorrizko filmaren irakurketa berritzaile eta iradokitzailea dakar, ereduzko film noir gazi-geza erdietsiz; akzioa, suspensea eta erromantizismo iluna uztartzen dituen harribitxi uherra.
Urduri mugitzen da kamera sekuentziarik goiztiarrenean, protagonistaren izaerak kutsatu izan balu bezalaxe. Giroa narrasa da. Iluna. Tom eta haren gaizkideen negozioak are eta ilunagoak, oraindik. Hala, eraikin hutsetatik okupak, etorkinak eta txiroak uxatzeko darabiltzaten arratoiak haien metafora bihurtzen dira. Estoldetako arratoiak baino, higiezinen enpresetako karraskariak dira, ordea. Krudelak. Makurrak. Lazgarriak.
Parisko karrika ospel eta hitsenetan barrena garamatza Un prophète (2009) drama gordinaren egileak filmean. Romain Duris aktoreak maisuki antzezten duen pertsonaia basaren taupada kolpe oldarkorren erritmo zoroan. Zuhurtzia narratibo handiz. Aita ustelaren magalean hazitako zakur amorratua da Tom. Ankerra. Bortitza. Gupidagabea. Auzune galduetako beste erretratu ilun eta etsi baten aurrean gaudela dirudienean, baina, lirismoz lehertuko da istorioa. Halabeharrak gazte oinazetsuaren ametsa esnatuko baitu. Pianista bihurtu nahi izango du. Hain maitea zuen amaren antzera.
Sagu-artean harrapatutako arratoia dirudi Tomek, zinez eta minez. Ezinezko ametsaren eta errealitate gordinaren arteko bidegurutzean gatibu. Patuari iskin egiten ahaleginduko da pianoaren teklak sentiberatasunez laztanduz. Itxaropenaren sinfoniaren partitura joz. Irakasle txinatar ederraren begirada saminaren pean egingo du porrot,ostera. Behin eta berriz.Scorseseren kale zitaletan ez bezala, erredentziorik ez delako Jacques Audiarden hiri erian. Esperantza kimera bat besterik ez baita Paris laiotzean.
Romain Duris aktorearen interpretazio zirraragarria da De battre mon coeur s’est arrêté (2005) polar apurtzailearen ardatza. Arima erdibiturik duen Tom zakur zingiratuaren inguruan jira eta bira egiten baitu istorioak. Mamiz zein moldez.Pertsonaia nagusiaren gogoeta mikatzak estetika dotorez eta soinu banda erakargarriaz baitaude blaituak.Orobat, filma ez dago ohiko patroiez josita. Erritmo bizi eta geldoak txandakatu egiten dira-eta etengabe intriga hauspotzen duen bihurgunez betetako gidoi jostalarian. Jacques Dutronc abeslariaren La fille du Pére Noël kanta ezagunaren pasarterik poetikoena plajiatzen duen filmaren izenburuan ez bezala,Jacques Audiard asaldatzailearen bihotz basatia ez da inoiz isilduko. Zinema onenaren taupadak ez direlako sekula amatatzen.