"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Filmaren gidoia irakurri nuenean ez nuen portaera profesionala eduki; negar malkotan hasi nintzen”, aitortu zuen atzo Blessed pelikularen ekoizleak, Al Clarkek, Ana Kokkinos zuzendariaren pelikula aurkeztu ostean.“Geroztik, beste hogeita hamarren bat aldiz ikusi dut eta barrenak nahasten dizkit oraindik”, gehitu zuen.
Sail Ofizialean lehiatzen ari den pelikula hau Who’s Afraid of the Working Class antzezlanean dago oinarrituta eta bost emakume australiarren eta horien seme-alaba nerabeen arteko liskarrak ditu hizpide. Protagonistak Melbourneko langile auzo batean bizi diren familia desegituratuak dira. Komunikazio eza, alkoholismoa, lapurretak, ludopatia eta gisa honetako beste hamaika arazo pairatzen dituzte.
Eta egoera honen erdian, gelditzen al da maitasunerako lekurik?
Galdera horri erantzuten saitzen da Ana Kokkinos Young Lions eta The Secret Life of Usen ondoren egin duen film honetan. “Nerabe eta gurasoen arteko eztabaidak hartu ditut abiapuntutzat, hain unibertsala den gaia, eta maitatu eta maitatua izatearen artean dagoen lotura aztertzen saiatu naiz”, azaldu zuen atzo australiarrak.Bianca pertsonaiaren papera egiten duen Miranda Otto aktorea haratago joan zen: “Arazoz gainezka zaudenean zaila izaten da maitatzea, baina lortzen denean, istorio hunkigarrienak gertatzen dira”.
Eta hori da Blesseden kasua. 60. eta 70. hamarkadetan jaiotako ama hauek beren seme alabak askatasun giroan hezten saiatzen dira, haiek umetan sufritutako“ errepresiotik urrun”. Baina ahalegin horretan porrot egiten dute. “Kasu askotan seme- alaben lagunak izatera ailegatu nahi dute,baina gaztetxoek mugak behar dituzte”, esan zuen Ottok.
Hauetaz gain, duela urte asko aborigen bat semetzat hartzen duen amona baten istorioa ere jarraitzen du filmak. Hiltzear dagoela, umeari bere benetako amarekin harremana edukitzea debekatu izanaz damutzen da.
Bi zati, bi ikuspuntu
“Pertsonaien izakera eta arazoak ahalik eta modu onenean ezagutarazteko” bi zatitan egituratu du pelikula zuzendariak. Hasieran nerabeak dira protagonistak eta hauei 36 ordutan gertatzen zaizkienak kontatzen dira. Bigarren zatian amek hartzen dute lekukoa eta hauen ikuspegitik erakusten dira kontakizun berberak. Odisea bat biziko dute bai gaztetxo eta baita amek ere, guztiak galduak eta babesgabe sentitzen baitira.
Filman agertzen diren dramekin zerrenda luze bat egin liteke, baina dudarik gabe gogorrena Rhondarena da,Orton eta Staceyren amarena. Gizarte Zerbitzuek seme bat kendu diote jada eta laugarren aldiz haurdun dago. Hori gutxi balitz, seme- alaba gazteek etxetik alde egin dute eta amesgaiztorik handienari egin beharko dio aurre emakumeak.
Une latz hauek Cezary Skubiszewskik konposatutako musika zoragarri batekin lagunduta ailegatzen dira pantaila handira. Pelikulak aurrera egin ahala, gero eta indar gehiago hartzen du istorioak eta amaieran, ikusle batzuek bakarrik lortzen diote negararri eustea. Azkeneko eszenan batez ere. Berri txarra jakin ondoren, pub batean sartzen da Rhonda eta eroa bezala hasten da dantzan. Hasieran bere papera betetzen ez zuen ama hotz bat bezala begiratzen dio publikoak emakumeari. Bigarren zatitik aurrera Rhondaren larruan sartzen da ikuslea eta erabat aldatzen da berekiko iritzia. Gainerako protagonista gehienak bezala, Blessed izatera pasatzen da, bedeinkatuak, alegia.
Elene Arrazola