"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
The House of Mirth (2000) eta The Age of Innocence (1993) filmeen arteko antzekotasunak nabarmendu ohi dira usu. Ez da harritzekoa. Edith Wharton idazlearen luman dute-eta jatorria batak zein besteak. Hala, gizarte viktoriarraren giro itogarria xehetasun handiz islatzen da Terence Davies eta Martin Scorseseren pelikuletan. New York-eko goi-klasearen erretratu gupidagabeak dira, ironia maltzurrez zipriztinduak.
Finean, Newland Archer eta Olenska kondesaren arteko maitasuna eta Lily Bart-ek eta Lawrence Selden-ek partekatzen dutena bertsuak dira. Arau sozial zurrunen gatibu dira guztion bihotzak. Itxurakeria nagusi denez gero, ez baitago maitasunerako zirrikiturik. Giro arnasgaitz horretan, benetako sentimenduak ezkutuan baino ezin dira biluzi. Beraz, ezinezko maitasunaren zabuan kulunkatzen dira maitaleak etengabe, ezinbestean.
Gizarte viktoriar ilun horretan iltzatutako ezinezko maitasunak islatzeko sasoian erabilitako estiloak arras ezberdinak dira, ordea. Scorsesek estetizismo handiagoz, biziago, marrazten ditu sentimenduak. Eta, sarritan, gainezka egiten du pasioak. Askoz ere hotzagoa da Terence Daviesen trazua, egiazki. Klasikoagoa. Sotilagoa. Gordinagoa. Begiradetan, keinuetan eta esaldiak ahozkatzeko moduan soil-soilik antzeman daitezke sentimenduak. Maitasuna, gorrotoa, jelosia, samina…
Sistemak ezarritako arauak aintzat hartuko ditu Lily Bart ederrak –Gillian Anderson aparta– hastapenetan; Lawrence Selden abokatu erakargarriaren maitasuna saihestuz. Nolanahi ere, senar aberats bat ehizatzea xede duen arren, maitasunaren zimikoek behin eta berriz tentatuko dute neskatilaren bihotza; Lilyren hatzek Seldenenak laztantzen dituzteneko xehetasun plano urguria lekuko. Hortaz, amaieran, gizartearen konbentzioekin apurtu eta maitasunaren aldeko hautua egingo du. Beranduegi, baina.
Xaloa bezain iraultzailea da Lilyren idealismoa. Hutsaltasuna eta hipokrisia oinarri dituen gizarte puritanoak ezin baitu onartu ezarritako arauei aurre egin diezaiokeen arima matxinorik. Are gutxiago, maitasunaren izenean baldin bada. Zurrumurru faltsuen segadan eroriko da damatxoa azkenean. Bakardadeak, saminak, gezurrak nahiz maite duen gizonaren ausardia faltak itxaropen ezaren pozoiaz pitzatuko dute Lilyren bihotz kaiolatua; gauaren koloreaz tindatuz bere patua. Sentimenduzko zumez jositako drama erromantiko zirraragarria da filma, zinez.
Sentimenduzko zumez jositako drama erromantikoa da filma
Iñaki LAZKANO