"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Erabat hunkituta jaso zuen atzo Antonio Banderasek aurtengo lehen Donostia Saria Pedro Almodovar zuzendariaren eskutik. “Nik Donostiara egindako bisitak nere ibilbide profesionalaren metaforarik hoberenak dira”, esan zuen txalo zaparrada luzea entzun eta gero. Orain dela 26 urte Almodovarren zinerik ganberroenarekin, gero La Corte del faraonekin; Belodromora hurrengoan, Zorroren abenturekin; bere lehen zuzendari lanarekin, Alabaman ero, eta, oraingo honetan, pelikula aurkezteko eta saria jasotzeko. Banderasek Fernando Fernan Gomez aipatu, Paulo Coelhoren hitzak irakurri eta beste hiru pertsonari eskaini zion unea: Javier Bardemi -“salgai ez dagoen pertsona bat”-, Melanie Griffithi -“bere karrera familiarengatik utzi zuen, nere emaztea”- eta azkenik, bere aitari, “gehien maite eta lagundu nauen pertsona”.
Pedro Almodovar bere lagun minari ere eskaini zion saria –“nere bizitzan eta nere karreran dagoelako”. Honek, bere aldetik, Banderasen bizitza laburtu zuenean, elkarrekin aritu ziren urteak gogora ekarri zituen, benetazko “animali zinematografikoa “ dela esanez eta,beti bezain umoretsu,“munduko ipurdirik bozkatuenetarikoa”izendatu zuen.