Alejandro González Iñárritu
Winchester batez armaturik, bi gazte marokoar familiaren ahuntz taldearen bila atera dira. Basamortuko isiltasunaren erdian, erriflea probatzea erabaki dute... baina balaren tiramena eurek uste baino handiagoa da. Une batean, hiru kontinenteetako arrotzen lau taldeen bizitzak elkarren aurka joko dute. Estatubatuar turista bikote batek, bere aitaren aurka bihurrituta dabilen japoniar neska nerabe gor batek, eta bi haur estatubatuar baimenik gabe mugaren bestaldera daramatzan umezain mexikar batek, istripu baten uhin hazkor eta menderaezinean harrapatuta ikusiko dituzte euren buruak. Ez dute elkar ezagutuko; uztartzen dituen ustekabeko loturak bestela badio ere, isolatuta geldituko dira bere inguruko pertsonekin komunikatzeko ez baitira gauza izango.
David Frankel
New Yorkeko modaren zorabiozko munduan, Runway aldizkaria da Grial Saindua. Miranda Priestlyk zorrotz eta manikura dotorez zuzentzen duen Runway aldizkaria, mundu honetan arrakasta lortu nahi duen ororentzat ezinbesteko erronka da. Mirandaren laguntzaile moduan lan egiteak Andy Sachs graduatu berriari edozein ate ireki dakioke. Goi-mailako jantzigintzako modelo bat baino, neska zarpail samarra da Andy, Runway aldizkariko moda-ataleko kazetari arras ederren erdian nabarmentzen dena. Baina Andy lanera sartu orduko, negozio honetan arrakasta izateko arazoei aurrea hartzea eta ausarta izatea baino zerbait gehiago behar dela ulertzen hasiko da. Eta behin betiko froga begi bistan dauka, goitik behera Pradaz jantzita.
Abderrahmane Sissako
Frantzia - Mali - AEB
118 min.
Melék taberna batean kantatzen du, Chaka bere senarra langabezian dago eta bikotea hausteko zorian da. Beste familia batzurekin batera daukaten patioa epaiketa areto bihurtu da: Afrikako biztanleria zibilaren ordezkariek Banku Mundialari eta Nazioarteko Moneta Funtsari egozten dizkiote Afrikak pairatzen dituen zorigaitz guztiak. Eta akusatzaile, defentsari nahiz lekukoen adierazpenen harian, auzotarren eguneroko bizimoduak aurrera darrai. Chakak ez dirudi Afrikak bere eskubideen alde borrokatzeko duen ezohiko gogoaz oso kezkati.
Manoel de Oliveira
38 urte dira Luis Buñuelen Belle de jour pelikula filmatu zela, eta filmeko bi pertsonaiak gizonezkoak bakarrik dakien sekretu baten misterioarekin topo egingo dute atzera ere, eta emakumeak horren berri jakin dezan ezinbestekoa da. Gizona atzetik doakio, neska hari izkintxo ematen saiatu da, baina azkenean gizonak sekretu bat ezagutarazi nahi diola aitortuko dio. Elkarrekin afaltzeko geratu dira, eta alargun den emakumea luze itxarondako sekretua jakiteko zain dago: gizonak bere senarrari zer arraio esan ote zion alegia, emakumearen amoranteak tirokatutako senarra mutu eta elbarri zelarik. Egoera tirabiratsua da eta emakumeak azkenean ez du jakingo benetan zer gertatu zen. Gizonaren mendekua besterik ez da ordea, neskak berataz gozatu zezan ez baitzuen onartu.
Alfonso Cuarón
Britainia Handia - AEB
114 min.
Akzioa geure belaunaldiaren ondoren gertatzen da. Anarkia mundu osora zabaldu da, gizon-emakumeek ugaltzeko gaitasuna galdu baitute. Lurreko pertsona gazteena hemezortzi urterekin hil da eta gizakiak desagertzeko bidean dira. Bortizkeriak urratutako Londres hiria eta sekta nazionalisten arteko gatazkak atze-oihal direla, filmak Theoren istorioa kontatzen du, haurdun dagoen azken emakumea babesteko bere demonioei aurre egin beharko dien burokrata bihurtutako ekintzaile ohi etsituarena.
Israel Adrián Caetano
Buenos Aires, 1977. Gobernu militarraren zerbitzura dagoen eskuadroi batek Claudio Tamburrini, B mailako futbol-talde bateko atezaina, bahitu du eta Mansión Seré deituraz ezagutzen den ezkutuko atxilotze-zentro batera eraman dute: Buenos Airesko probintziako hiri inguruko Morón auzoko mansione zahar aristokratiko batera. Arau bidegabez gobernatutako amesgaiztoen mundu honetan, galdeketa, jipoi, irain eta traizioen artean, Claudiok Guillermo eta beste gazte batzuk ezagutuko ditu, euren patuak erabaki artean, elkarrekin ahal bezala bizi direnak. Lau hilabeteko gatibualdiaren ondoren, betiere exekuzio baten mehatxupean, Claudiok, Guillermok eta gela bereko beste bi kidek (el Vasco eta el Gallego) leihoa zabaldu eta amildegira jauzi egingo dute ekaitzaren erdian eta biluzik erabat. Hortxe hasiko da euren etorkizuna.
Jonathan Dayton, Valerie Faris
Hoovertarrena familia gatazkatsua da: aitonak droga esnifatzen eta biraoka ematen du eguna, aitak sekulako porrota diren arrakastari buruzko eskolak ematen ditu, ama lanez gainezka dago, osaba bere mutil-lagunak utzi zuenean huts egindako suizidio-ahalegin batetik osatzen ari da, seme nerabeak Nietzsche irakurri eta uko egin dio berba egiteari, alaba gaztea, Olive betaurrekodun potolak ederra nahi luke izan. Zorioneko ustekabe baten ondorioz, Olive umeen edertasun-txapelketa lbatera gonbidatu berri dute, Kaliforniako ?Miss Sunshine txikirako?, eta Hoover familia xapoto samarrak bat egingo du neska bertara eramateko. Erdoildutako beren Volkswagen furgonetan pilatu eta Mendebalerantz abiatuko dira ezusteko eroez zipristindutako hiru eguneko bidaia tragikomikoan Oliveren debut nagusirantz, zeinak moldatu gabekoen familia hau uste ez bezala aldaraziko duen.
Jonathan Demme
Neil Young kantautore ospetsuaren musika-erretratu intimoa, Nashvilleko Ryman Auditorium mitikoan Prairie Wind diskoaren mundu mailako aurkezpen-kontzertua zela eta filmatua. Musikaren harian, Neil Youngek familiarekin eta lagunekin, hilkortasunarekin eta denboraren joan-etorriarekin duen harremanaren ikuspegi aberats eta hunkigarria eskaintzen da. Agertokian musikakide zahar anitz ditu lagun, horien artean bere emaztea Pegi Young, country-aren izar Emmylou Harris eta Ben Keith gitarra-jolea.
Olivier Assayas, Frédéric Auburtin, Emmanuel Benbihy, Gurinder Chadha, Sylvain Chomet, Ethan Coen, Joel Coen, Isabel Coixet, Wes Craven, Alfonso Cuarón, Gérard Depardieu, Christopher Doyle, Richard LaGravenese, Vincenzo Natali, Alexander Payne, Bruno Podalydès, Walter Salles, Oliver Schmitz, Nobuhiro Suwa, Daniela Thomas, Tom Tykwer, Gus Van Sant
Frantzia - Liechtenstein - Suitza
119 min.
Parisen maitasuna nonahi da: bere taberna eta kafetegietan, Eiffel Dorre azpian eta baita bere kaleen azpitik doan Metroan ere. Paris, je t'aime lanean sekula ez bezala ikusiko duzu hiria. Munduko zuzendari txalotuenetako batzuren begiekin ikusitako Paris da. Hiriko auzo ezberdinetan kokaturiko istorio bat kontatu zezan gonbit egin zitzaion bakoitzari. Emaitza istorioen kaleidoskopio bat da, poza, banantzea, elkartze bitxiak eta ezustekoak, eta batik bat, maitasuna hizpide direla. Natalie Portman, Fanny Ardant, Elijah Wood, Nick Nolte, Juliette Binoche, Willem Dafoe, Bob Hoskins, Gena Rowlands, Ben Gazzara, Gérard Depardieu eta Steve Buscemi bezalako aktore-talde harrigarria bildu duen Paris, je t'aime filmak Paris inoiz ez bezala erakusten du, ezinbestean munduko hiri erromantikoena denarekiko sugarra suspertuko dizuna.
Barbara Kopple, Cecilia Peck
Shut Up and Sing dokumentalak Dixie Chicks taldea filmatu du ospearen gailurrean, ereserki amerikarra kantatu eta disko gehien saltzen zituen emakumezko country musika-taldea zirenetik, Natalie Maines bere abeslariak 2003an Irakeko Gerraren aurka egindako Bushen kontrako adierazpenek sortu zizkien arazoetaraino. Dokumentala Dixie Chicks taldearen ibilbidearen lekuko da hiru urtez, zeinean era guztietako eraso politikoak jasan behar izan zituzten, baita heriotza-mehatxuak ere, euren bizitzekin jarraitzen zuten bitartean, seme-alabak edukiz, eta nola ez, musika eginaz. Azken finean, pelikulak Dixie Chicks taldea emakume, pertsonaia publiko eta artista gisa erakusten digu.
Fredi M. Murer
Vitusek beste planeta batetik etorritako mutila dirudi: saguzarren pareko entzumen fina dauka, pianoa jotzen birtuosoa da eta bost urtekin entziklopediak ikasten ditu. Nola ez, bere gurasoek etorkizun bikaina aurreikusten diote; piano-jole izan dadila, alegia. Haatik, jenio txikiak nahiago du bere aitona bitxiaren tailerrean pianoa jo eta hegan egitearekin eta haurtzaro arrunt batekin egiten du amets. Azkenik, ustekabeko istripu baten ondorioz, Vitus berak hartuko du bere bizitzako agintea.