"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
1942an Parisen jaiotako zuzendari, gidoilari eta ekoizle frantsesa. Haurtzaroa eta gaztaroa Montreuil hirian igaro zituen, non ikasketak burutzeaz gain bere emaztea ezagutu baitzuen, Annie Miller zine-ekoizlea. Nerabezarotik zinezale, ahal zuen guztietan piper egiten zuen Le Trianon Romainville aretoan zinemaskopeko lehen filmak ikustera joateko. Bere bokazioa berretsi zuen batxilergoa amaitu ostean, IDHECrako sarbide-proba gainditu eta 1965ean Zuzendaritzan graduatu zenean.
Garai hartako zinegile handienetako batzuren laguntzaile izan zen: Marcel Carné, Trois chambres à Manhattan (1965), Michel Deville, Martin Soldat (1966), eta Jean-Luc Godardena, Week end (1967).
1968 eta 1975 bitartean, Truffaut bere lagun handiaren film guztien produkzio zuzendari izan zen. Aldi berean, film laburrak zuzentzeari ekin zion, lehendabizikoa Juliet dans Paris izan zelarik. Bere lehen luzeak, La meilleure façon de marcher (Ibiltzeko modurik onena, 1975), Patrick Dewaere protagonista zuenak, Zesar sari bat lortu zuen 1976an. Urte horren eta 1987 artean, bere emaztearekin Les Films de la Boissière ekoiztetxea sortu zuenean, lau film egin zituen: Dites-lui que je l’aime (1977), Patricia Highsmithen eleberri baten moldaketa, Depardieu eta Miou Miourekin; Garde à vue (1981), Romy Schneiderrekin; Mortelle randonnée (1982), Isabelle Adjanirekin; eta L’effrontée, 1985eko Louis Delluc sariduna.
Bere ekoiztetxearekin osatutako filmografiari La petite voleuse (Lapur txikia, 1988) lanarekin ekingo dio, François Truffauten gidoi baten gainean, Charlotte Gainsbourg protagonista zuena. 1992an, L’accompagnatrice zuzendu zuen, Richard Bohringer eta honen alaba Romane lankide zituela, eta 1994an, Le sourire (Irribarre hori), Jean-Pierre Mariellerekin. La classe de neige (1998) filmak Cannesko Epaimahaiaren Sari Nagusia lortu eta 1999an La chambre des magiciennes pelikulak Berlingo zinemaldiko FIPRESCI saria bereganatu zuen. Bere bi azken lanak, Betty Fisher et autres histoires (2001) eta La petite Lili (Lili txikia, 2003), nazioarteko zinemaldi ezberdinetan saritu dituzte.
Aktoreen antzezpenarekiko jartzen duen arreta da bere zuzendari lanaren ezaugarri nabarmenena. Bere eskuetatik azken hogei urteetako aktore frantses onenak pasa dira: Michel Serrault, Nicole Garcia, Segnier ahizpa biak, Emmanuelle eta Mathilde, Julie Depardieu, Ludivine Sagnier... 1998 eta 1999a bitartean, Claude Miller ARP erakundeko lehendakari izan zen. Gaur egun Europa Cinémako presidente eta SACDko Zine Batzordeko kide da.