"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Arrunt zaila zen Verónica Forquérentzat zinema mundua saihestea. Nola hasi zinen zineman? galderari, Veronicak honela erantzun ohi du: ez nintzen hasi, bertan jaio nintzen. José María Forqué zine-zuzendariaren eta Carmen Vázquez-Vigo idazlearen alaba, txikitatik joaten zen aitaren filmaketetara, nahiz eta 1972ra arte bere begi urdin eta irribarre inuzentea ez ziren pantailan agertu. Hamazazpi urte zituen eta pelikularen izena Mi querida señorita.
Pedro Almodóvarrek, 1984an, ¿Qué he hecho yo para merecer esto? lanean Cristal kutuna bihurtu zuenean ezagutarazi zen. Film honen, eta Gómez Pereiraren Reinas (2005) pelikularen artean, gauza asko gertatu dira bere bizitzan: hiru film egin ditu Manuel Iborrarekin, bere aspaldiko bikotekidea eta bion alabaren aita; Fernando Truebarekin lan egin du Sé infiel y no mires con quién eta El año de las luces filmetan, azken honekin errepartoko aktore onenaren bere lehen Goya saria erdietsiz; Fernando Colomorekin bi komedia arrakastatsu egin ditu, Bajarse al moro eta La vida alegre, aktore nagusi onenaren Goya saria irabaziz; eta urte horretan bertan ere, Berlangaren Moros y cristianos-ekin errepartoko aktore onenaren Goya bereganatu zuen; Manuel Gómez Pereiraren aginduetara jardun du Salsa rosa filmean, eta 1993an laugarren Goya saria eskuratu zuen Pedro Almodóvarren Kika filmari esker.
Zinetik aparte, Verónicak pertsonaia min sorta haragitzeko aukera izan du telebistan: Eva y Adán, agencia matrimonial, Pepe y Pepa, La vida de Rita. Hori guztia sekula antzerkia bazter utzi gabe, 1975ean Divinas palabras antzez-lanarekin hasi eta arrakasta nabarmenak lortu izan ditu El zoo de cristal (1978), Bajarse al moro (1985), ¡Ay Carmela! (1987), Las sillas (1997), El sueño de una noche de verano (2003) eta Doña Rosita la soltera (2005) lanekin. 2000. urtean, zuzendari gisa egin zuen debuta La tentación vive arriba obrarekin.
Lau Goya sari eskuratutako aktore bakarrenetakoa da, eta bere jardunbidean zehar sari franko irabazitakoa. Azkenak aipatzekotan, Arte Ederren Urrezko Domina, 2000. urtean, eta Kritikaren Sant Jordi saria nahiz Malagako zinemaldikoa, biak 2005ean.