Alain Chabat
Kleopatra, Egiptoko erreginak, Julio Zesar erromatar enperadoreari desafio egingo dio baietz hiru hilabetetan basamortu erdian sekulako jauregia eraiki. Lortzen badu, Zesarrek Egipto herrien artetik bikainena dela onartu beharko du herritarren aurrean. Horretarako, Kleopatrak Numerobiseri deituko dio, kemenez beteriko abangoardiako arkitekto bat denari. Jauregia garaiz eraikitzen badu, arkitektoa urrez estaliko du; bestela, krokodiloetara. Numerobisek, jokoan dagoenaz jakitun, laguntza eskatuko dio Panoramix aspaldiko adiskideari, eta hau Egiptora doa Asterixek eta Obelixek lagunduta. Denak elkarrekin Kleopatraren arkitekto ofiziala den Amonbofiseri aurka egingo diote, jeloskor baitago erreginak Numerobis aukeratu duelako, eta ahal duen guztia egingo du honek huts egin dezan.
Alastair Fothergill, Andy Byatt
Zine dokumentalaren arloan sekula egin den proiekturik berezi eta osoena da Deep Blue. Bertan, hainbat filmaketa urteetan bildutako mundu ozeanikoaren paregabeko irudiak erakusten dira, ikus-entzuleak itsasoen ikuskizunean murgildu eta koralezko arrezifeetatik Antartikoko itsasalde bakartietara luzatzen den bidaian abiaraziz, itsaso zabaleko hedaduretatik ozeanoko amildegien sakontasunera. Ozeanoak gure planetaren azken muga dira eta BBCren Planeta Urdina sail arrakastatsuan oinarritutako Deep Blue, aipatu muga horren behin betiko esplorazioa.
Andrew Stanton, Lee Unkrich
Ordenagailuz sorturiko film honek, Toy Story eta A Bug's Life pelikulen egile berak dituztenak, bi arrainen -Marlin eta Nemo bere semearen- bidaia harrigarria kontatzen du, zeinean Koraleko Hesi Handian halabeharrez banandu dituzten, Nemo urpekari batek harrapatu baitu. Koitaduak dentista baten kontsultako arrain-ontzian bukatuko du, bertatik Sydneyko kaia dakusala. Marlin, Dory izeneko arrain sinpatiko baina despistatu samarraren (ez baitu berehalako oroimenik) laguntzaz bidaia arriskutsu batean abiatuko da. Aita benetako epopeia baten heroia bihurtuko da, bere xedea semea berreskuratzea delarik, hark etxera kalterik gabe itzultzeko plan ero bat prestatu duela ezjakin.
Robert Rodriguez
Carmenek eta Juni Cortezek, helduxeagoak eta sailaren lehenengo emanaldian baina askoz ere eskarmentu handiagoarekin, euren ospeari eusten saiatu beharko dute, orain Gary eta Gerti Giggles anai-arreba espioi bikote berriarekin lehian baitabiltza. Mundua salbatzeko norgehiagokan, gazteak Amets Galduen Uhartera doaz, non Romero izeneko zientzialari ero batek genetikoki aldatutako izaki fantastikoak sortu dituen. Haatik, uharte misteriotsu horretan James Bonden erako goi-teknologiako tramankuluak ez dabiltzanez, euren senari jarraituz jokatu beharko dute.
F. Gary Gray
Plana akatsik gabea zen... ezin hobe burutu zen... ihesbidea libre zeukaten. Charlie Croker lapurretaren buru-maisuak ezin sumatu zezakeen arrisku bakarra bere kideetako baten traizioa zen. Bandako partaideak, berriz: Ezker-Belarri, leherkagailuetan aditua; John Bridger, kutxa gotor irekitzaile beteranoa; Steve, barruan daukaten gizona; Lyle, informatikaren jenioa eta Rob Liraina, txoferra. Estuki zaindutako veneziar palazzo batean lapurreta miresgarria gauzatu eta gero, Charlie eta bere kideak harrituta geratuko dira euretako batek saldu egin dituela jakitean. Hartara kontua ez da atzemaniko urrea izango, mendekua baizik. Orduan, Stella agertuko da, Charlieren alaba eta gotor kutxak lehertzen aditua, banda traidorearen atzetik Kaliforniara itzultzen denean, hauekin bat egingo duena. Lapurtutako urrea berreskuratzeko plana Los Angelesko trafiko kontrol-sisteman sartu eta hiriaren historiako auto-ilararik handiena sortzean datza.