"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Askorentzat, Julie Andrewsen izena beltzez jantzitako haurtzain maitagarri bati lotua dago. Pertsonaia hura -kapelatxo polit bat buruan eta aterki hitzontzi bat eskuan- gai zen, magiari eta irudimenari esker, Ingalaterra victoriarreko bi haurri abenturarik zoragarrienak biziarazteko. Julie Andrews Mary Poppins da, zalantzarik gabe. Baina ez da ahaztu behar aktore adimentsu eta abeslari bikain honen filmografia film hartan interpretatzen zituen musikalak baino askoz harantzago heltzen dela.
Ingalaterrako Surrey konderrian, 1935eko urriaren 1ean jaioa, Julie Andrews artean oso gaztea zela kontratatu zuten haren ahots xarmagarriari esker. 19 urterekin egin zuen debuta Broadwayn, The Boy Friend musikalarekin. Eta Julie txikiak berehala irabazi zituen New Yorkeko ikus-entzule kontentagaitzen bihotzak. Geroago, 1956an, My Fair Lady estreinatu zuenean, antzezle bikaina zela egiaztatu zuen. Haren ospeak gora egin zuen, handik laster, telebistan Cinderella-ren bertsio eder bateko protagonista izan zenean.
Zinemari, ordea, kosta egin zitzaion Julierengan sinestea. My Fair Lady obraren zinerako aldaera prestatzen ari zirela, izan zuen protagonista izateko itxaropena, baina Hollywoodek ez zuen harengan konfiantzarik eta nahiago izan zuen Audrey Hepburn hautatzea. Julie Andrewsek, hala ere, hartu zuen bere mendeku txikia. Urte hartantxe, izan ere, 1964an, Disneyk Mary Poppinsen papera eskaini zion, eta hari esker irabazi zuen emakumezko aktore onenaren Oscarra. Ordutik aurrera, antzokiaren eta zinearen artean garatu zen Andrewsen karrera, eta berebiziko arrakastak lortu zituen, hala batean nola bestean. Robert Wiseren The Sound of Music (Irribarreak eta malkoak, 1965), Hitchcocken Torn Curtain (Gortina urratua, 1966), eta Blake Edwardsen Darling Lili (1970) filmek garbi erakutsi zuten erregistro askotako antzezlea zela. 1969an ezkondu zen Blake Edwardsekin eta zuzendari hauxe izan zen, hain zuzen ere, Julie Andrewsen karrerako garrantzitsuenetakoa, hainbat film ahaztezin egin baitzituzten elkarrekin: 10 (1979), S.O.B. (1981), Victor/Victoria (1982), That´s Life (Halakoa baita bizitza!, 1986).
Antzezle dotorea, malgua, errepikaezina, umore finekoa, Julie Andrews benetako izarra eta antzokiko zein pantailako dama bat da.