"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.

Naomi Watts aktore eta ekoizlearen omenez, 74. edizioan Donostia Saria jasoko baitu ibilbide profesionalaren aintzatespen gisa, irailaren 4ean Funny Games U.S. (Michael Haneke, 2007) filmaren proiekzioa izango da Zinemaldia + Plus saio berri batean.
Sinopsia: Goi-mailako familia batek (Tim Roth, Naomi Watts eta Devon Gearhart) asteburu lasaia igarotzen du Long Islandeko landetxean. Bi ezezagunek (Michael Pitt eta Brady Corbet) adeitasunez hurbildu eta arrautza batzuk maileguan eskatu ondoren, ordea, familia honen bizitza infernu bihurtuko da, dena kontrolpean dagoela dirudien auzo honetan.



