"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Donostia Zinemaldiak, Tabakalerak eta Elias Querejeta Zine Eskolak batera antolatutako Ikusmira Berriak 10 urte zikloaren xedea zine-egonaldiaren hamar urteko ibilbidea esploratzea eta ospatzea da. Saio honetan Hikaru Uwagawaren Ulysses (2024, 73') film luzea eskainiko da.
Sinopsia: Ama etorkin bat eta semea aita noiz itzuliko zain daude Madrilen. Emakume euskaldun bat eta gizon japoniar bat Donostian elkartuko dira eta gizonak bere etxeari buruzko istorioak kontatuko dizkio. Noraezean dabilen japoniar bat Obon jaialdia ospatzera itzuliko da familiarekin, hildakoen espirituei ongietorria egiteko. Munduko hainbat lekutako eguneroko bizitzaren istorio zatikatu horiek etxea dakarte gogora.