"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Donostia Zinemaldiak, Tabakalerak eta Elias Querejeta Zine Eskolak batera antolatutako Ikusmira Berriak 10 urte zikloaren xedea zine-egonaldiaren hamar urteko ibilbidea esploratzea eta ospatzea da. Saio honetan Alberto Martín Menachoren Antier noche (2023) film luzea eskainiko da.
Sinopsia: Juan Franciscok hamabi urte ditu eta Extremadurako hegoaldeko herri batean bizi da, milaka urteko artez eta eguzki-plakaz inguratutako toki batean. Galgoekin ehizatuz, haurrak gizakien eta animalien arteko harreman estua ezagutuko du. Santi eta Antonio gazteak dira eta modernitatearen parte; ohitura zaharrenekin uztartzen den modernitate baten parte, hain zuzen. Pepa hiltegian sasoikako langile gisa jarduten duen ama gazte bat da. Gazte horien guztien erretratuaren bidez, erbiak eta astoak, maitasun istorioak, suteak eta raveak biltzen dituen lurralde bat azaleratuko da.