"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Donostia Zinemaldiak, Tabakalerak eta Elias Querejeta Zine Eskolak batera antolatutako Ikusmira Berriak 10 urte zikloaren xedea zine-egonaldiaren hamar urteko ibilbidea esploratzea eta ospatzea da. Laugarren saio honetan Grigory Kolomytseven Chupacabra (2020) film luzea eskainiko da.
Sinopsia: Andrei, 9 urteko mutiko bat, herri txiki baten kanpoaldean bizi da, itsasotik hurbil. Amak umezurztegi batera eraman nahi du. Aukera horrek izugarri izutzen du Andrei, badakielako bere bizitza guztiz aldatuko dela. Ekaitz-egun batean, txakur bat aurkitzen du, eta erabakitzen du Chupacabra ahuntz-banpiro mitikoa dela eta mirariak egingo dituela.