"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Donostia Zinemaldiak, Tabakalerak eta Elias Querejeta Zine Eskolak batera antolatutako Ikusmira Berriak 10 urte zikloaren xedea zine-egonaldiaren hamar urteko ibilbidea esploratzea eta ospatzea da. Hirugarren saio honetan Tamyka Smithen Gwendolyn Green (2017, 20') film laburra eta Raven Jacksonen All Dirt Roads Taste of Salt (2023, 97') film luzea eskainiko dira.
Sinopsis:
Gwendolyn Green: Benetako gertakarietan oinarritua, Gwendolyn Green alargun adinduaren istorioa da hau. Palm Springseko egoitza hesitu batean ematen ditu bere egunak, bakardadean, beste garai batean harrapatuta egongo balitz bezala. Trebetasun sozialen falta eta isolamendua direla-eta estututa sentituko da Gwendolyn; orduan, telefonoa hartu eta 911era deituko du giza konexioaren bila. Gwendolynek harreman berezia eratuko du erantzun duen agentearekin, eta harengan aurkituko du irrikatzen dituen zaintza eta mundu modernoarekiko konexioa.
All Dirt Roads Taste of Salt: Raven Jackson olerkari, argazkilari eta zinemagilearen lehen film luzea Mississippiko emakume baten bizitzako hainbat hamarkada hartzen dituen esplorazio lirikoa da, geruza askoko erretratu aztoragarria eta forma ematen diguten pertsonen belaunaldiei eta lekuei egindako oda ederra.