"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Donostia Zinemaldiak, Tabakalerak eta Elias Querejeta Zine Eskolak batera antolatutako Ikusmira Berriak 10 urte zikloaren xedea zine-egonaldiaren hamar urteko ibilbidea esploratzea eta ospatzea da. Bigarren saio honetan Leo Calice eta Gerhard Tremlen Calipatria (2017, 8') film laburra eta Helena Girón eta Samuel Delgadoren Eles transportan a morte (2021, 75') film luzea eskainiko dira.
Sinopsis:
Calipatria: Calipatria Kalifornian kokatutako kartzela baten izena da. Santiago Casillas bertan dagoen preso bat da: 58 urte, banda bateko kidea, betiko kartzela-zigor batera kondenatua izan da. Santiagok kartzelako lorategian egiten du lan egunero ordubetez eta hori izango da hain zuzen bere sentipenak, bizipenak, sekretuak eta ametsak adierazteko gunea, kartzelako hormetatik harago.
Eles transportan a morte: 1492. Kristobal Kolonek zuzendutako tripulazioan, jada hilda egon behar zuten hiru gizon daude. Bidaia ziurgabe batean parte hartuz, heriotz-zigorra saihestea lortu dute, baina Kanaria uharteetara iristean, ontziko bela bat hartu eta ihes egingo dute. Bitartean, Mundu Zaharrean, emakume bat hilzorian duen ahizpa salbatzen saiatuko da, sendalari batek lagunduko diolako itxaropenez. Bi bidaiak heriotza saihesteko ahaleginak dira. Bi bidaiak denboraren eta historiaren mende daude.