"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Ekainaren 22an, larunbata, Gipuzkoako Foru Aldundiak, EQZEk eta Zinemaldiak batera antolatutako jardunaldi publiko bat egingo da Tabakaleran. Jardunaldi horretan, Jose Angel Herrero-Velarde ikerketa-bekak izenburupean, Artxiboak egiten duen lanaren berri emango da.
Arratsaldeko 17:00etatik aurrera, Tabakalerako zinema-aretoan mintegi bat egingo da, José Ángel Herrero-Velarde bekek sustatutako ikerketen emaitzak lehen aldiz gizarteratzeko. Irati Crespok, Artxiboaren koordinatzaileak, Felipe Cabrerizo, Neus Sabaté eta Endika Reyren hitzaldiak ekarriko ditu, Zinemaldian sozialisten orbitako herrialdeetako ekoizpen zinematografikoaz, Josefina Molina, Pilar Miró eta Cecilia Bartolomé Donostian berriz elkartzeaz eta lehiaketaren eta zinemagile hasiberrien film luzeen arteko harremanaz hitz egingo dutenak, hurrenez hurren. Aurkezpenetan, orain arte argitaratu gabe zegoen Zinemaldiko artxiboko dokumentazioa erabiliko dute hizlariek. Sarrera librea da lekua bete arte, baina gonbidapena eskatu behar da webgunearen bidez edo Tabakalerako informazio gunean.