Massih Parsaei zinemagileak (Teheran, 1992) txikia zenean Iranetik emigratu zuen. Hungariara joan zen bizitzera 2009an eta han animazioa ikasi, artista bisual gisa lan egin eta film laburrak zuzendu zituen. 2016an, Alemanian finkatu zen eta zuzendaritza-ikasketak hasi zituen Babelsberg Konrad Wolf Zinema Unibertsitatean. Hainbeste urtez etxetik kanpo egonda, zentzua du erbesteari buruzko film bat egin izanak.
Lovers Sleep Alone filman, Alemanian bizi den Iman iraniarrak hainbat absentziaren inguruan eraiki du bere bizitza Berlinen: familiarena, Iranena eta besteengandik ezagutua izatearena. Lanarekin, asmatutako istorioekin eta parkean sexua izateko ikusi ohi duen gizon batekin emandako gauekin betetzen du isiltasuna. Lehengusina (Imanek ia ezagutzen ez duena) Teheranetik bisita labur baterako iristen denean, atzean utzitako hura isil-isilik itzuliko da protagonistaren bizitzara.
Gaur, Massih Parsaei zuzendariak Kutxabank-New Directors sailean aurkeztuko du Lovers Sleep Alone bere lehenengo film luzea, eta berarekin elkarrizketatu gara.
Zorionak Lovers Sleep Alone aukeratuta izateagatik. Ez da zure lehenengo aldia Zinemaldian.
Ez, iaz Donostian egon ginen filma hautatua izan baitzen WIP Europarako. Guztiz esperientzia ezberdina izan zen, garai hartan filma oraindik egiteko prozesuan zegoen eta, izan ere, urduriago nengoen orduan. Baina Zinemaldiak oso ondo hartu gintuen, eta arreta handia eskaini zion filmari. Gure filma aurrekontu oso txikia duen filma da eta hain prozesu luze baten ondoren, energia-mailak baxuak ziren. WIP Europarako lehian parte hartzea bulkada bat izan zen. Orain, filma bukatuta dago eta New Directors sailean aukeratuta izatea lasaigarria da.
Vertraut / Trusted (2016), Ölelések / Embraces (2018) eta Über Anna / About Anna (2018) film laburrak zuzendu dituzu. Film luze batean egin duzu debuta. Film laburrak ala film luzeak nahiago dituzu?
Film luze bat egiteak lasai asko luzatzeko aukera eman zidan; izan ere, ez naiz oso ona film laburren formatuari eusten (barreak). Zailena ekoizpena eta finantzaketa lortzea izan da.
Hori izan al da zure lehen filmeko erronkarik handiena?
Baliteke, baina aktore-hautaketa prozesua erronka handiagoa izan zen. Oso prozesu luzea izan zen; urtebete eta erdi iraun zuen. Imanek atzerrian bizitzen hasi ondoren daraman egunerokoa erakutsiko zuen film bat egin nahi nuen. Imanek bizitza berri bati nola ekin ez daki eta egoera horretara nola egokitzen den erakutsi nahi nuen. Baina Iman protagonista iraniar gay bat da. Europan ez daude Irango gizonezko aktore askorik eta Iranen rol hori antzeztuko zuen aktore bat aurkitzea ezinezkoa zen.
Eta nola lortu zenuten Pooyesh Frozandeh aurkitzea, Imanen papera (bikain) egiten duen aktorea?
Jada etsita nengoenean, Imanen lehengusina antzezten duen aktoreak (Ava Darvishi) Pooyesh Frozandeh aktoreari buruz hitz egin zidan. Nire alboan bizi zela konturatu ginen eta kafea hartzera geratu ginen. Berehala bera zela konturatu nintzen, inolako probarik egitea ez nuen beharrezkoa izan.
Filma esperientzia oso zehatz batean oinarritzen da: erbesteratzea, identitate queer-a eta migrazioa. Hala ere, horretatik haratago doan zerbait lortu nahi duela dirudi.
Filma nire esperientzia pertsonaletik sortu da (Iranetik alde egitearena eta denborak sendatzen ez dituen gauza horiena). Iman erbesteratutako gizon queer bat da; zentzu bat baino gehiagotan bazterrean bizi den pertsona. Berak haztean ezagutu zituen desio-irudien eta orain forma hartzen ari direnen artean kokatzen da. Ondo ezagutzen dut tarteko egoera hori. Ez nuen azaldu edo justifikatu nahi haren iraganak nola moldatu zuen gaur egun den pertsona; ez nuen haren sufrimendua irudikatu nahi. Haren eguneroko bizitza eta horren azpian dagoen egoera emozionala erakutsi nahi nituen. Iman ez da alboan besterik gabe igarotzen dugun oinezko hori; aitzitik, harekin geratzen gara.
I.M.