"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Fatih Akinen film berriaren mundu-estreinaldiak eman dio hasiera Urrezko Maskorra eskuratzeko lehiari. Eta asmo horrekin, zuzendari alemaniarrak maitasuna eta heriotza txirikordatzen dituen ametsez ehundutako kontakizuna proposatu du.
Farashak eta Farisek hogei urte dituzte graduazio-festan elkar ezagutzen dutenean: begirada bat nahikoa izango da guztia aldatzeko. Alabaina, Farasha hil egingo da gau horretan, eta Farisengandik bereizi nahi
ez duenez, munduen arteko muga zeharkatzeko modua deskubrituko du: 40 gau eta 40 egunez, Farisekin elkartu ahalko da ametsetan. Hala, maitasuna haziz joango da, azken gauera arte.
Akinek uste du filmak ere ametsak direla, amets baten barruko ametsak, eta zinemak berak baduela sendatzeko gaitasuna. “Zinema ez da entretenimendu hutsa. Niretzat, esaterako, heriotzaren gaiari heltzea, heriotza zer den eta pertsonaiei nola eragiten dien... hori dena sendagarri gertatzen zait. Filmak egitea oreka bat aurkitzea da, arauak haustea ere bai”, deliberatu du.
Errealitatearen aniztasuna ere agerian geratzen da Geister filmean. Hanburgon dago kokatuta pelikula, eta bi protagonistek dute jatorri ez-alemaniarra. Batak arbaso turkiarrak ditu, eta besteak siriarrak. Aniztasun
kultural horren inguruan ere mintzatu da jatorri turkiarreko zuzendari alemaniarra: “Bi mundu daudela uste dut; albiste faltsuek, telebistak, sare sozialek eta politikariek marrazten digutena, batetik; eta, kalean ikusten duguna, bestea. Ni kaleko mundu horretan bizi naiz, eta kalean nagoenean ikusten ditut familia siriarrak, turkiarrak eta auskalo nongoak; hori da gure gizartea”.
Geister koloretan filmatu bazen ere, Zinemaldian erakutsi duten kopia zuri-beltzezkoa da. Izan ere, Akinek azaldu du hasiera batean bere ideia anime japoniarren itxura ematea zela. “Film baten postprodukzioan, kolorearen gainean bukaeran egiten da lan, baina ez nintzen emaitzarekin gustura gelditu. Orduan, erabaki genuen kolorea kentzea, eta zuri-beltzean utzi genuen”. Gainera, Akinen iritziz, zuri-beltzak pelikularen “existentzialismoa” azpimarratzen du. Nolanahi ere, zinemagileak jakinarazi du koloretako bertsioa ere badela.
Filmeko protagonistek berretsi egin dituzte zuzendariaren hitzak, eta filmaketa osoan izan zuten gogo bizia nabarmendu dute. “Gidoiak nolabaiteko alde espiritual eta sendatzailea du”, azaldu du Eren M.Guvercinek. Mariam Dawoudek, bere aldetik, prozesu guztian izan duten “sormen askatasuna” azpimarratu du: “gero eta ekoizpen komertzialagoak egiten direnean, proiektu honek benetako interpretazio-lanak zer esan nahi duen gogorarazi digu aktoreei”.
Sergio Basurko



