Donostia Zinemaldiaren 72. edizioa Donostian egingo da, 2024ko irailaren 20tik 28era bitartean.
Donostia Zinemaldiaren egoitza nagusia honakoa da:
DONOSTIA ZINEMALDIA
TABAKALERA - Nazioarteko Kultura Garaikidearen Zentroa
Emakume Zigarrogileen Plaza, 1, 2. solairua
20012 Donostia
Tel.: +34 943 481212
ssiff@sansebastianfestival.com
Webgune Ofizialak, www.sansebastianfestival.com, informazio xehatua eskaintzen du, eta Zinemaldiarekin eta bertako sailekin harremanetan jartzeko datuak ere biltzen ditu.
DONOSTIAKO NAZIOARTEKO ZINEMALDIA, SA elkartea Donostiako Udalak, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Espainiako Gobernuaren Kultura, Hezkuntza eta Kirol Ministerioak osatzen dute zati berdinetan, eta Donostiako alkate du presidente. Donostia Zinemaldiko antolakuntzaren burua jaialdiaren zuzendari José Luis Rebordinos da.
Donostia Zinemaldia Film Ekoizleen Elkarteen Nazioarteko Federazioak (FIAPF, www.fiapf.org) onartuta dago, "espezializatu gabeko lehiazko zinema-jaialdien" kategorian.
Donostia Zinemaldiak ekarpen positiboa egin nahi dio kulturari eta zinema-industriari.
Donostia Zinemaldiaren 72. edizioan aurkeztuko dituzten film guztiak hautaketa batzordeak aukeratuko ditu. Batzorde horretako buru zuzendaritza izango da, eta zinemaren munduan eta zinema-jaialdietan adituak diren profesionalez osatutako nazioarteko ordezkarien sare baten laguntza izango du.
72. edizioan hautatutako film guztiei partaidetza ziurtagiria emango die Donostia Zinemaldiaren zuzendaritzak.
Zuzendaritzak ezarritako arauak onartzen dituzten eta izena emateko sareko formularioa behar bezala bete duten filmek soilik hartu ahalko dute parte Donostia Zinemaldian.
Espainian produzitu edo koproduzitu diren filmen ekoizleek edo ordezkariek zuzenean jarri beharko dute harremanetan filmen sailarekin, films@sansebastianfestival.com helbidean, sareko formularioaren bitartez izena eman aurretik.
Izena emandako film luzeek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
Izena emandako film guztiak Zinemaldiaren edozer sailetan parte hartzeko hautagaitzat joko dira, sail bakoitzak bere eskakizunak eta zehaztapenak dituen arren.
Zinemaldiaren lehen hautaketarako izena emandako film bakoitzeko tasak hauek dira:
Tasa hori eurotan ordaindu beharko da izena emateko unean, kreditu txartel bidez (Visa, American Express, Mastercard) edota paypal bidez.
Adierazitako izen-emate tasa ez zaie aplikatuko Nest-en edo, WIP Latam edo WIP Europa sailetan parte hartuko duten filmei. Horiek beren arauak eta izena emateko formularioak dituzte.
Donostia Zinemaldiaren antolatzaileei aholkua ematen dien nazioarteko ordezkarien sarea beren filmak Zinemaldian parte hartzea nahi duten edo izena emateko orduan zalantzak dituzten guztiei laguntzeko prest dago, eta Zinemaldiko filmen atalak, films@sansebastianfestival.com, izen-ematearen inguruko edozer zalantzari erantzungo dio.
Lehendabiziko hautaketan parte hartzeko izena emateko epea 2024ko ekainaren 17ean amaituko da. Zinemaldiaren zuzendaritzak, hala ere, film luzeak epez kanpo onartzeko eskubidea izango du.
Mundu osoko edo nazioarteko estreinaldiek lehentasuna izango dute hautaketa egiteko garaian; hala ere, Zinemaldiaren sail bakoitzak bere baldintzak eta zehaztasunak ditu.
Oso-osorik Espainian ekoitzi diren eta Sail Ofizialean edo Zuzendari Berriak sailean parte hartu nahi duten filmek, baita Euskal Zinemaren Irizar Saria eskuratu nahi duten lanek ere, mundu osoko estreinaldiak izan beharko dute. Gainera, Zinemaldiaren aurretik ezingo dira beste inolako zinema-jaialditan erakutsi, ez herrialdekoa ez nazioartekoa, ezta publikoki estreinatu edo eman ere.
Espainiatik kanpo produzitutako edo koproduzitutako filmek ezingo dute Zinemaldiaren aurretik egingo den beste inolako zinema-jaialditan parte hartu, salbu eta FIAPFek «lehiazkoak ez diren» zinema-jaialditzat harturikoetan edota ekoitzi diren herrialdeko zinema-jaialdietako lehiaketa nazionaletan.
Espainiatik kanpo produzitutako edo koproduzitutako filmek ezingo dute beren ekoizpen-herrialdeetako zinema-ekitaldietan parte hartu, baldin eta FIAPFek «lehiazko zinema-jaialdi» kategorian onartutakoak badira.
Ez da onartzen filmak VOD plataformetan sartzea, sail bakoitzeko estreina eskakizunei eta zehaztapenei jarraituz (mundiala, nazioartekoa edo nazionala), erabilera profesionalerako bakarrik eta sarbide mugatukoak direnak salbuetsita.
Salbuespen gisa, zuzendaritza batzordeak aldez aurretik lehiazkoak ez diren ekitaldi zinemazaleetan parte hartu duten ekoizpenak onartzeko eskubidea izango du.
Euskarri hauek onartuko dira lehen hautaketako prozesuan:
Hautaketa batzordeak filmen lanerako aleak hautatu ahalko ditu lehen hautaketako prozesuan, haien ekoizleek edo ordezkariek aldez aurretik zer ale mota den zehatuz gero.
Parte hartzeko arauak onartuz gero, erabiltzaileak baimena ematen dio Zinemaldiari formularioan jasotako filma deskargatzeko, offline ikusteko. Erabiltzaileak deskarga horretarako behar diren bitartekoak jarri beharko ditu.
Lehen hautaketa prozesuan izena eman duten film luzeak jatorrizko bertsioan aurkeztu beharko dira:
Lehen hautaketa prozesuan izena eman duten filmak mezularitza edo posta bidez bidaliko dira, bidalketa zenbakia eta filmaren izenburua zehaztuta, honako helbide honetara:
DONOSTIA ZINEMALDIA
Filmen Saila
TABAKALERA - Nazioarteko Kultura Garaikidearen Zentroa
Emakume Zigarrogileen plaza, 1, 2. solairua
20012 Donostia
Tel.: +34 943 481212
films@sansebastianfestival.com
Filmak lehendabiziko hautaketara bidaltzearen kostuak izena eman duten pertsonen edo enpresen kargura izango dira.
Lehendabiziko hautaketara aurkeztutako materiala ez da itzuliko, nola eta izena eman duten pertsonak edo enpresak espresuki eskatzen ez duen eta bidalketa-kostuak bere gain hartzen ez dituen. Filmak Zinemaldia egin osteko sei hilabeteetan baino ez dira itzuliko, films@sansebastianfestival.com atalaren bitartez.
Zinemaldia ez da bidalketan edo itzultzeko prozesuan materialak jasan ditzakeen kalteen erantzule izango.
Zinemaldiaren zuzendariak film bat ofizialki gonbidatu ondoren, hautatutako filmaren ekoizleak edo ordezkariak izen-emateko formularioa berretsi beharko du, eta Zinemaldiaren aurretik bidali beharko du, behar bezala beteta, gehienez, 2024ko abuztuaren 1a baino lehen.
Zinemaldiak baieztapen horren sinatzailea hartuko du solaskide bakartzat, filmak Zinemaldian parte-hartzearekin lotutako alderdi guztiak negoziatzeko, baita arduradun bakartzat ere, filmaren ekoizpenean parte hartu duten beste enpresen edo pertsonen gainetik.
Filmaren ekoizleek edo ordezkariek eginiko baieztapenak berekin dakar Zinemaldiko zuzendaritzak exijituriko arau guztiak onartzea, eta horren arabera, ezingo dute, inola ere, gonbidaturiko filma Zinemaldiaren programaziotik kendu.Era berean, filmaren parte-hartzearekin loturiko sari desberdinen baldintzak onartuko dira.
Zinemaldiak hautatutako filmei egindako gonbidapena konfidentziala izango da, eta ekoizleek edo ordezkariek isilpean gorde beharko dute, Donostia Zinemaldiak ofizialki azaltzen duen arte.
Donostia Zinemaldiaren programazio orokorraz eta emanaldien ordutegiez zuzendaritza batzordea soilik arduratuko da.
Filmaren euskarriak Zinemaldiaren sail bakoitzaren eskakizunetara egokitu beharko dira.
Zinemaldiko sail guztietarako eskatutako euskarriak DCPa dira, Zabaltegi – Tabakaleran ez ezik, non egileak ematen duen jatorrizko euskarria onartuko den.
Euskarria DCP den kasuetan, Zinemaldiko sail teknikoak DKDMa sortzeko zerbitzariaren ziurtagiria bidaliko die filmaren ekoizle edo ordezkariei. Enkriptatze-mota hori bakarrik onartuko da, eta filmarekin batera bidali beharko da, Zinemalditik kalitate-kontrolak, proba teknikoak eta proiekzioak egiteko behar diren giltzak sortzeko. DKDMa egiteko kostuak filmaren ekoizleen edo ordezkarien kontura izango dira beti.
DVD edo Blu-ray euskarriak ez dira inola ere onartuko Zinemaldiaren programazioan.
Zinemaldiko sail teknikoa, tecnica@sansebastianfestival.com, gonbidatutako filmen titularren edo ordezkarien esanetara egongo da, proiekzio egokia egiteko beharrezko oharrak jasotzeko eta behar duten edozer zalantza tekniko argitzeko.
Zinemaldiko zuzendaritzak eskubidea izango du filmen aleak ukatzeko, baldin eta sail teknikoak, egiaztatu ondoren, proiektatzeko desegokitzat jotzen baditu. Zinemaldiko zuzendaritzak txosten teknikoa bidaliko die filmen titularrei edo ordezkariei kopietan arazoak aurkitzen baditu.
Zinemaldia hasi baino 15 egun lehenago, gonbidatutako filmen ekoizleek edo ordezkariek honako hauek bidali beharko dituzte, beren kargura:
Filmaren jatorrizko bertsioa euskaraz bada, Zinemaldiak bere kargura jarriko ditu azpititulu elektroniko osagarriak, gaztelaniazkoez gain.
Ale horren azpitituluak filmaren ekoizleen edo ordezkarien kargura izango dira.
Zinemaldiak bere kargura egingo du ingelesezkoaren osagarri izango den azpititulazio elektronikoa, gaztelaniaz azpititulatuta dauden eta jatorrizko bertsioa ingelesezkoa ez den filmentzat. Azpititulu elektronikoak Zinemaldiaren zerbitzura lan egiten duen enpresak jarriko ditu.
DONOSTIA ZINEMALDIA
Filmen Saila
TABAKALERA - Nazioarteko Kultura Garaikidearen Zentroa
Emakume Zigarrogileen plaza, 1, 2. solairua
20012 Donostia
Tel.: +34 943 481212
films@sansebastianfestival.com
Aleen garraio-gastuak eta asegurua partaidearen kargura izango dira, harik eta Zinemaldiaren egoitza nagusira edo haren aduanako agentearengana iristen diren arte.
Bestalde, Zinemaldiaren antolakuntza filmen aseguruaz arduratuko da, haiek egoitza nagusira edo haren aduanako agenteari heltzen zaizkionetik itzultzen dituen arte.
Zinemaldiak hautaturiko filmen itzulketa parte-hartzaileak ordainduko du, eta ez da klausuraren aurretik egingo.
Zinemaldian zehar filma hondatuko balitz, horren erantzukizunak ez du gaindituko ale berri bat prestatzearen kostua, ale estandarrak inprimatzeko laborategien indarreko tarifen arabera.
Euskarria DCP izanez gero, DKDMa egitearen kostua filmaren ekoizleen edo ordezkarien kargura izango da.
Prentsa buletinak, Zinemaldiko katalogoa eta webgune ofiziala dokumentatzeko beharrezko materiala (sinopsia, fitxa tekniko-artistikoa, zuzendariaren biofilmografia eta argazkia, filmaren argazkia eta trailerra) izena emateko sareko formulariotik hartuko da. Horretarako, formularioa behar bezala beteta egon beharko da, 2024ko abuztuaren 1a baino lehen.
Material hori Zinemaldiaren dokumentazio zerbitzuak documenta@sansebastianfestival.com koordinatuko du, eta parte-hartzailearen esanetara egongo da horri buruz izan dezakeen edozer zalantza argitzeko.
Zinemaldiko prentsa sailak, prensa@sansebastianfestival.com, promoziorako materiala eskatuko du, Zinemaldiak akreditatu dituen hedabideentzat.
Sustapen-materialaren bidalketa filmaren ekoizleen edo ordezkarien kargura izango da.
Zinemaldiko Industria sailak, industria@sansebastianfestival.com, akreditazioa duten zinema industriako kideentzako materiala eskatuko du.
Sustapen-materialaren bidalketa filmaren ekoizleen edo ordezkarien kargura izango da.
Ezusteko arazorik gertatzen bada (antolakuntzan edo funtzionamenduan) edo arau hauek behar bezala betetzen ez badira, Zinemaldiaren zuzendaritzak subiranotasuna izango du, baita azken erabakia hartzeko ahalmena ere, nazioarteko zinema ekitaldiei dagokienez FIAPFek ezarritako arauei jarraiki.
Arauon interpretazioari buruzko desadostasunik egongo balitz, gaztelaniazko testua aplikatuko da.
Araudi hau interpretatzeko orduan sor litezkeen zalantzak Donostia Zinemaldiaren zuzendaritzak ebatziko ditu.