"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Christian Jeune (Toulon, Frantzia) 1983an hasi zen Cannesko Jaialdian praktikak egiten, ikasten jarraitzen zuen bitartean. Ondoren, 1995ean, Cannesko Jaialdiak Parisen duen bulegoan hasi zen lanean, Zinema Departamentuaren barruan. Sail horretako zuzendaria da 1999tik. 2003an Thierry Fremaux delegatu nagusiaren alboko bihurtu zen. Lanpostu horretatik hautaketa-prozesuaz arduratzen da, sektoreko askotariko eragileekin lotuta. Azken 20 urteotan batez ere Asian ibili da filmak bilatzen eta munduko industria zinematografikoko kideak bisitatzen. Hainbat jaialditan epaimahaikide izan da (Busan, Tokio, Adelaide, Taipei, Bangkok, Macao, etab.). 100 film baino gehiago itzuli ditu ingelesetik frantsesera, tartean Bourne sagako hiru titulu edo Kingsman sagako hiru filmak.